Lurpeko garajeen eta plazaren eraberritze lanak hastear daude

2025/05/13

Jakinarazten dizuegu, aste honetatik aurrera, Andramari auzoko plaza eta honen azpian dauden lurpeko garajeetan eraberritze lanak hasiko direla.

Garajeen jabeek egindako eskaerari konponbidea eman nahi zaio, azken urteotan hauteman diren egitura eta itogin arazoak konpondu ahal izateko.

Zehazki, aparkalekuak hartzen dituzten bi solairuetan hezetasun eta itogin arazoak detektatu dira, eta ezinbestekoa da hauei irtenbide bat ematea segurtasuna eta erabilgarritasuna bermatzeko. Hori dela eta, garajeen jabeen komunitateak obrak egiteko baimena eskatu zion udalari, eta baimen hori eman ondoren, lanak hasiko dira.

Eraberritze lan hauek ez dute soilik lurpeko garajeetan eragina izango. Izan ere, plazan dauden elementu guztiak aldi baterako kentzea eskatzen du. Horrek esan nahi du, datozen asteetan, plazan dauden jardinerak, eserlekuak edo harmailak, sarbideko ateak eta baita gaur egun dagoen asfaltozko zorua ere kendu egingo direla.

Garajeetako obrak amaitu ondoren, Udalak bere gain hartuko du plaza berri bat eraikitzeko ardura. Proiektua amaituta dago, eta azken zehaztapenak garajeetako obren zuzendaritza teknikoarekin adostu dira. 

Hori dela eta, aurreikuspenen arabera, datozen asteetan plaza berriaren obraren proiektua aurkeztu eta lizitazio prozesuari hasiera emango zaio.

Garajeetako eta plazako obrak urte amaierara arte luzatuko direla aurreikusten da. Eroski zaharraren sarreratik hasi eta Andramari kaleraino doan eremu osoa erabat berrituta geratuko baita. 

Obrek irauten duten bitartean, eragozpenak saihestezinak izango dira. Hala ere, obraren ardura duten enpresek ahalegin guztiak egingo dituzte oinezkoentzako ibilbide seguruak eta erosoak prestatzeko, ahal den toki guztietan. Era berean, lehentasuna emango zaie inguruko etxebizitzetara eta merkataritza-lokaletara sartzeko bideak mantentzeari.