Liburuaren Eguna ospatzeko ekitaldiak

2021/04/20
Ostiralean, hilak 23, ‘Basatiaren mintzoa’ ipuin musikatuarekin gozatzeko aukera egongo da Arkupen. Apirilaren 30ean idazle atxabaltarrek ‘Hitz-artea’ ikuskizuna aurkeztuko dute, Jokin Mitxelena ilustratzailearen parte-hartzearekin.

Liburuaren Nazioarteko Eguna hiru ekitaldirekin ospatuko da datozen egunetan. Horrela, Haur liburutegiak Iñaki Carretero ipuin kontalaria izango du bihar gonbidatu (18:00etan). Ganbaran aurkitu dudan altxorra izenburu duen saioa lau eta zortzi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.

Ostiralean (apirilak 23) Maite Arrese narratzaileak eta Mau Ziemkiewicz musikariak Basatiaren mintzoa helduentzako ipuin musikatua aurkeztuko dute. Clarissa Pinkola Estesek idatzitako Otsoekin korrika dabiltzan emakumeak liburutik ateratako ipuinak dira gehienak, baina euskal kondaira zahar bat ere badago tartean. Hitzordua Zaraia aretoko taula gainean izango da, 19:00etan hasita, eta sarrerak lau euroko prezioa izango du.

Bestalde, apirilaren 30ean, Jokin Mitxelena ilustratzaile donostiarrak zuzen zuzenean marraztuko du adin ezberdinetako bost atxabaltarrek, tartean idazle batzuk, jendaurrean irakurtzen duten bitartean. Hitz-artea ikuskizuna 19:00etan hasiko da eta aldez aurretik kultur etxean izena ematea gomendatzen da.