Leintz Bailarako Kirol Hastapen mahaia eratu da!

2025/07/23

Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udaletako, ikastetxeetako, kirol elkarteetako eta Leintz Eskola Kiroleko ordezkariak elkartu ziren eta kirol hastapenaren alde lana egiteko mahaia eratu dute.

Eskola kirolaren arloan urrats berritzailea emango da: Leintz bailarako kirol hastapen mahaia sortu da, haurrei zuzendutako kirol eskaintza osasuntsu, integratzaile eta hezitzailea sustatzeko helburuarekin. Mahai hori, ikastetxeek, udalek, klubek eta Leintz Eskola Kirolak osatuko dute. 

Mahai honen oinarrian ESKOLA KIROLA egongo da, oinarrizko programa gisa. Multikirolaren bidez, haurrek hainbat kirol jarduera ezagutzeko aukera izango dute, esperientzia aberasgarri eta anitz baten bidez beren gaitasun eta interesak garatzeko. Elkarteek antolatzen dituzten talde kirol eta banakako kirolak osagarri izango dira, haur bakoitzaren garapen fisiko, sozial eta emozionala orekatua izan dadin.

Udalek, ikastetxeek eta herriko kirol klubek multikirolean parte hartzea aktiboki bultzatuko dute, eta babesa emango diote multikirolaren eredua sendotzeari. Helburua argia da: multikirola indartzea eta erreferente bihurtzea haurrei zuzendutako kirol hastapenean.

Mahaiaren bidez, urteko programa bateratua adostuko da multikiroleko jarduerei dagokienez, talde kirolekin eta banakako kirolekin elkarlanean. Horrez gain, kluben arteko elkarlana sustatuko da bai asteko saioetan, bai asteburuko ekintzetan, betiere haurra erdigunean jarriz.

Kirol Hastapen Mahaiaren sorrera urrats sendoa da gure eskola kirol eredua hobetzeko eta haur guztientzako aukera berdintasunean oinarritutako eskaintza bateratua eraikitzeko bidean. Hezkuntza balioetan oinarritutako kirola da gure apustua: hezitzailea, euskalduna, anitza eta integratzailea.

Herritar guztiak animatu nahi ditugu ESKOLA KIROLEAN parte hartzera eta haurrei kirol bizipen aberatsak eskaintzen laguntzera. Eskerrik asko.

Sinatzaileak: Aramaioko, Aretxabaletako, Arrasateko, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako Udalak / Leintz Eskola Kirola (Aramaixo Herri Eskola, Arrasate Herri Eskola, Arrasate BHI, Arizmendi Ikastola, Kurtzebarri HLHI-BHI, Luis Ezeiza Herri Eskola) / Arrasateko Eskubaloia Elkartea, Arrasate Errugbi Taldea, Arizmendi Kirol Elkartea, Eskoriatza Kirol Elkartea, Mondra Futbol Elkartea, Mondrate Areto futbol Elkartea ,UDA Kirol Elkartea, eta Ointxe Saskibaloi Kirol Elkarte