Kurtzebarri ikastetxeko patioa espazio inklusibo bihurtzeko lanak hasi dira

2025/11/06
Aretxabaletako Udala eta Kurtzebarri eskola lanean aritu dira aste honetan gauzatzen hasi diren proiektu batean. Proiektuaren helburua ikastetxeko jolastokia eraldatzea da, espazio inklusibo bat sortzeko. Diseinua ikasleen, ikastetxeko zuzendaritzaren, irakasleen, gurasoen eta udalaren arteko partaidetza-prozesu baten emaitza da. Lanak fase desberdinetan gauzatuko dira, eta lehenengo faseak hainbat aste iraungo ditu.

Patio inklusiboa

Azken urteetan, gero eta gehiago azpimarratu da jolastokiek ikasleen garapen integralean duten garrantzia. Tradizioz atseden gune huts gisa ulertu izan dira, baina gaur egun badakigu jolastokiak hezkuntza eta elkarbizitzarako aukera handiak eskaintzen dituztela.

Patio inklusiboaren helburua ikasleen ongizatea eta elkarbizitza hobetzea da, eta, ondorioz, errendimendu akademikoa ere indartzea. Ikerketen arabera, halako patioek ekitatea, parte-hartzea eta ongizatea sustatzen dituzte, ikasleen gaitasun fisiko, sentsorial, kognitibo edo sozialak edozein direla ere. Horregatik deitzen zaie inklusiboak.

Kurtzebarriko patio inklusiboak hainbat gune izango ditu: jolas kolaboratiboetarako, lasaitasunerako, sormen jardueretarako eta ikaskuntza emozionala eta soziala bultzatzeko espazioak, futbolaz harago. Poliki-poliki gaur egungo espazioa eraldatzen joango da, jolaserako aukera gehiago eskainiz.

Proiektu hau LHko azken zikloko ikasleekin landu da, hainbat eredu ezagutuz eta haien iritziak kontuan hartuta.

6 aste iraungo dituen lanak

Lehen fasean, LHko jolastokian egingo dira lanak. Han, lasai egoteko, sormenerako eta bilgunerako guneak sortuko dira, natur elementuez lagunduta.

Abendu inguruan, HHko espazioan hasiko dira berritze lanak: oztopoak eta barne-hormak kenduko dira, eta natur elementuak gehituko dira haurrek elkarrekin modu librean jolastu ahal izan dezaten.

Patio inklusiboak 47.855 euroko kostua du eta proiektuak berak 6.050 euroko kostua izan du.