Karmele Igartua Sorkuntza Lehiaketaren 16. edizioak Irrati gidoia edo podcast generoa jorratuko du

2026/06/03

Aretxabaletako Udalak eta Bergarako Idazle Eskolak elkarlanean antolatzen duten Karmele Igartua Sorkuntza Lehiaketaren 2026ko deialdia aurkeztu dute. Ekimenaren bidez, bi helburu nagusi berresten dituzte: alde batetik, sorkuntza-bekek eta lehiaketek idazle berriak sustatzeko duten garrantzia azpimarratzea; bestetik, Karmele Igartua Bengoaren lana eta ondarea zabaltzen jarraitzea.

Urte hauetan zehar, Bergarako Idazle Eskolatik igaro edo Karmele Igartua Sorkuntza Lehiaketan sarituak izan diren hainbat egilek beren lanak argitaratzeko aukera izan dute. Horrek erakusten du ekimen honek ekarpen garrantzitsua egiten diola euskal sorkuntzari eta idazle berrien ibilbideari.

Era berean, Karmele Igartuaren lana gero eta ezagunagoa da irakurleen artean. Horretan lagundu dute, besteak beste, Pamiela argitaletxeak argitaratutako haren obra osoak eta datozen hilabeteetan argitaratuko diren itzulpen-proiektuek. Ildo horretan, Itsaso kontra bat poemategiaren gaztelaniazko bertsioa, Contramar, Valentziako Contrabando argitaletxeak kaleratuko du 2026ko udazkenean, edizio elebidunean.

Hasieran Bergarako Idazle Eskolako ikasleen artean antolatzen zen sorkuntza-beka izan zena, Karmele Igartua idazle eta olerkari aretxabaletarraren omenezko lehiaketa bihurtu zen geroago. Aurten, lehiaketak hamaseigarren edizioa beteko du.

2026ko deialdia: irrati-gidoia edo podcasta

2025eko hamabosgarren edizioaren epaimahaiak erabakita, 2026ko lehiaketak irrati-gidoiaren edo podcastaren generoa izango du ardatz.

Parte hartu nahi dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • 16 urtetik gorakoak izatea.
  • Lan bakarra aurkeztea.
  • Lana originala, euskaraz idatzia eta argitaratu gabea izatea.
  • Gutxienez 15 orrialde eta gehienez 20 orrialde izatea.
  • Testua 1,5eko lerroartearekin aurkeztea.
  • Gaia librea izango da.

Lanak aurkezteko azken eguna 2026ko urriaren 13a izango da. Epaimahaiak aurkezteko epea luzatzea erabaki du, parte-hartzaileek beren proposamenak prestatzeko denbora handiagoa izan dezaten.

Aretxabaletako Udalaren laguntzarekin antolatutako lehiaketa honetako irabazleak:

  • 2.500 euroko saria jasoko du.
  • Bergarako Idazle Eskolaren 2026-2027 ikasturteko edozein modulutan matrikularik ordaindu gabe parte hartu ahal izango du.
  • Bere lana www.idazten.com webgunean argitaratuko da.

Egile-eskubideak idazlearenak izango dira une oro.

Contramar argitalpena

Aretxabaletako Udalak eta Bergarako Idazle Eskolak Karmele Igartuaren obra beste hizkuntza batzuetara zabaltzeko konpromisoa ere berresten dute. Horren adibide da Itsaso kontra bat lanaren gaztelaniazko itzulpena, Contramar, 2026ko azaroan argitaratuko dena Contrabando argitaletxearen eskutik.

Argitalpen elebidun honek Karmele Igartuaren obra osoaren itzulpen-prozesuan beste urrats bat izatea du helburu. Itzulpen-lana Aretxabaletako Udalaren eta Bergarako Idazle Eskolaren laguntzarekin gauzatuko da. Halaber, Aretxabaletako Udalak argitalpenaren hainbat ale eskuratuko ditu, lanaren zabalkundea sustatzeko.

Sari-ematea

Bekaren iragarpena eta sari-ematea Aretxabaletan egingo dira, urtero bezala. Epaimahaiaren erabakia eta irabazlearen izena 2026ko abenduaren 20a baino lehen emango dira ezagutzera.