Jasotako informazio guztiarekin, deliberatzen hasteko unea da
2025/11/11
Informazio jasoketaren fasea bukatuta, Herritarren Batzarra gogoeta fasera pasa da. Afera eta norabide posibleak ulertuta, introspekzio nahiz talde ariketak konbinatuz, deliberazioaren paradigman kokatu da taldea eta, denek tokia izan dezaten, elkarren arteko irizpideak gogorarazi dituzte.
Hirugarren saio honetan, deliberaziorako markoa ongi kokatzeko, agertoki ezberdinak aurkeztu dira indikatzaile eta inpaktu positibo nahiz negatiboak azalduz. Aurreko egunetan adituek ekarritako eduki eta informazioa agertoki horietan kokatzeko ariketa egin dute.
Lau agertoki posible irudikatu dituzte:
- 2050 Debagoiena: Ez du bere eredu energetikoa aldatzen
- 2050 Debagoiena: Berriztagarri inportatzailea
- 2050 Debagoiena: Berriztagarria eta burujabea
- 2050 Debagoiena: Kontsumo minimoa
Hurrengo saioa azaroaren 22an izango dute eta azaroaren 29an egingo dute azken saioa, zeinetan gomendio-sorta aurkeztuko dioten Mandatu Organoari.
