Iraitz Legarraren lanak Karmele Igartua XI. Sorkuntza lehiaketa irabazi du

2021/12/20

Iraitz Legarra Basterretxearen Gudu-zelai ipuinarentzako izan da XI. Karmele Igartua Sorkuntza lehiaketaren saria. Guztira bederatzi lan aurkeztu dira aurtengo deialdira eta epaimahaiak nabarmendu duenez, ia guztiak “oso maila altukoak” izan dira. “Batek baino gehiagok egin du sariketa irabazteko meritua”, adierazi zuen Pako Aristik larunbatean egindako sari banaketaren ekitaldian. Bertan, Bergarako Idazle Eskolako kideak, epaimahaikideak, Karmele Igartuaren senideak eta Kultura zinegotzi den Ainhoa Cabero egon ziren.

Sari nagusiarekin (2.500 euro) batera, aipamen berezia Judith Ruiz de Muniain Bediak idatzitako Arimaren koloreak lanak jaso du. Hala, Bergarako Idazle Eskolak eskaintzen dituen edozein modulutan esku hartzeko aukera izango du Ruiz de Muniainek.

Bi sarituen lanak idazten.com atarian jarriko dituzte irakurgai.

Aretxabaletako Udalak zazpi urte daramatza Karmele Igartua Sorkutzaren beka babesten.