Ikasleek energia jasangarriaren inguruan dituzten proposamenak eta konpromisoak helarazi dizkiote Udalari

2023/05/19
Ikasturtean zehar herriari buruzko diagnostikoa egin dute, energia eskuragarrian eta ez kutsatzailean arreta jarriz.

Energia-iturri eskuragarriak eta ez-kutsatzaileak izan dira ikasturte honetan Eskolako 2030 Agendaren ardatzak. Kurtzebarri Eskolako Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek atera dituzten ondorio, proposamen eta konpromisoak helarazi dizkiote Udalari osoko bilkuren aretoan egindako foroan.

Ikasgelen barruan eta kalean, ikasleek energia-iturri eskuragarrien eta ez-kutsatzaileen erabilera aztertu dute, eta hori da Garapen Jasangarriaren 2030erako jarritako helburuetako bat. Argiteria publikoari buruz egin duten azterketak agerian utzi du zerbitzu horretan hobekuntzak egin behar direla.. Adibidez, kiroldegira heltzen den bidegorrian dauden faroletako batzuk behar bezala ez dabiltzala nabarmendu dute, eta Durana kalekoak baita zikin daudela ere. Halaber, argien intentsitateari dagokionez, herriko hainbat guneen artean desoreka dagoela uste dute, eta horrek segurtasun-sentsazioari eragiten dio.

Bestalde, Udaltzaingoaren ibilgailuak elektrikoak izan beharko luketela diote, emisio kutsagarriak murrizten laguntzeko, eta gune desberdinetan kargagailuak jartzea proposatu dute. Aldi berean, zakarrontzi gehiago nahiko lituzkete herrian, hondakinak lurrera bota ez daitezen, eta Kurtzebarri eskolako teilatuan instalatuta dauden eguzki-plakak berriro martxan jartzea ere eskatu dute.

Aurten egindako diagnostikoa hurrengo ikasturterako ekintza-plan zehatz bat egiteko oinarria izango da, energia aurrezteko helburuarekin. Testuinguru horretan, ikasleek konpromiso batzuk hartu dituzte: zuhaitz landaketan eta ibaiaren garbiketan parte hartuko dute, aurkitutako hondakinei buruzko informazioa zabalduz. Honekin batera, kale-argien funtzionamenduaren eta garbiketaren jarraipena egingo dute, Udalari haien egoeraren berri emateko. Energiari buruzko sentsibilizazio-kanpaina bat antolatzea beharrezkoa dela ere uste dute.

Proposamenak Unai Elkoro alkateari aurkeztu zaizkio, eta honek ikasleek egindako lana eta hartutako konpromisoak txalotu ditu. “Gogoan hartzen dugu helarazi digutena, eta eskerrak ematen dizkiegu egindako ekarpenengatik”, gaineratu du alkateak. Udalak, eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta jasangarritasunaren alde lan egiten duela ere azpimarratu du Elkorok.