Ibarrako futbol zelaiko belarra aldatzeko obra uztailaren hasieran hasiko da

2022/06/17
Datorren astean instalazioaren ureztatze sistema berritzeko lanak martxan jarriko dira. Zelaiko zoladura berria 2022/2023 denboraldiaren hasierarako prest egongo da.

Ibarrako futbol zelaiko belar artifiziala berritzeko lanak uztailaren lehen astean hasiko dira. Baina egun batzuk lehenago, kirol instalazioaren ureztatze sistema ordezkatuko da, jokaleku osoa estaliko duten irismen luzeko sei kanoi berri jarriz.

Aurreikuspenen arabera, ureztatze sistema aldatzeko obrak ekainaren 23tik 30era bitartean egingo dira. Udalak Riesgo del Norte enpresari esleitu dizkio lanak, 18.700 eurotan.

Gaur egungo ureztatze sistemak 15 urte inguru ditu. Erabileran eta konpontzen zaharkituta geratu diren sei aspertsoreren bidez funtzionatzen du. Izan ere, matxuraren bat gertatuz gero, zaila da ordezko piezak aurkitzea.

Soropila aldatzeaz, berriz, Mondo Iberica enpresa arduratuko da, eta, horretarako, Udalak 188.050 euroko inbertsioa egingo du. Berdegunearen belar zoladura 6.400 metro koadrotan aldatuko da, egungo ezaugarriei eutsiz.

Proiektu hau 2022ko aurrekontuetan jasotako inbertsioen artean dago. Koldo Zubillaga Kirol zinegotziak adierazi duenez, “Ibarrako zelaia oso instalazio erabilia da eta egoera onean mantendu behar da, batez ere erabiltzen duten jokalari guztien segurtasunerako”. Zubillagak zehaztu du egungo belarrak hamar urteko bizitza erabilgarria gainditu duela; beraz, “aldatu egin behar dela”.

Esku-hartze honek lau aste eta erdiko epea du gauzatzeko. Zubillagak gaineratu duenez, oporretako geldialdia aprobetxatu nahi izan da “UDAren eta ekipamendu horretan entrenatzen eta jokatzen duten taldeen errutinetan ahalik eta eragin txikiena izateko”. Ibarrako belar artifizial berria 2022/2023 denboraldiaren hasierarako prest egongo da.

Kirol zinegotziak azpimarratu du, halaber, “egokitzat” jo dutela soropilaren berritzea aprobetxatzea “ureztatze sistema optimizatzeko”.

Argiztatzeko sistema

Bi esku-hartze hauek Ibarrako eremuan azken urteotan egindako hobekuntzen barruan kokatzen dira. 2021ean LED argi berriak jarri ziren kirol ekipamendu honen kontsumo elektrikoan energia aurrezteko. 16 proiektore instalatu ziren, beharren arabera sei eszena edo posizio desberdin jartzeko aukera ematen duen erregulazio-sistema batekin.