Ibarra kiroldegia dantza urbanoaren erritmora mugituko da Fun Dantz jaialdiaren eskutik

2023/03/16
Lehiaketa martxoaren 25ean izango da eta 21 talde bilduko ditu; horietako hiru Bergarako Camden Dance Studioaren ordezkariak dira. Maiatzaren 6an Barakaldon ospatuko den Break On Stage txapelketako finalerako sailkapena jokoan dago.

Dantza urbanoak, estilo eta mota desberdinetan, protagonista izango dira martxoaren 25ean Ibarra kiroldegiko kantxan (18.30ean). Fun Dantz jaialdiaren zazpigarren edizioa ospatuko da Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako 21 talderen partehartzearekin. Topaketa eta lehiaketa moduko hitzordua izango da, kaleko dantzen ezaugarri diren energia, sormen eta mugimendu akrobatikoen erakusleiho izango dena.

Ohi bezala, jaialdia bi kategoriatan banatzen da: absolutua, 15 urtetik gorakoei zuzendua. Bertan, maiatzaren 6an Barakaldo Antzokiak hartuko duen Break On Stage finalean neurtzeko pasaportea dago jokoan. Parte-hartzaileen artean dantza urbanoko euskal talde onenetako lau daude: Elements (Santurtzi), B-Breath (Iruñea), Bamboo (Donostia) eta The Factory (Bilbo). Junior kategorian, bestalde, 15 urtetik beherako kideak dituzten hamar bat taldek euren koreografiak erakutsiko dituzte, gehienez ere hiru minutukoak.

Irun, Leioa, Basauri, Donostia, Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Santurtzi eta Eibartik datoz parte-hartzaileak. Eskualdeko ordezkaritza Bergarako Camden Dance Studio akademiako hiru talderen esku egongo da.

Antolakuntzatik, Ander Garaizabalek adierazi du Aretxabaletako hitzordua Euskal Herriko “dantza urbanoen erreferente handia” dela; “jaialdi bizia eta egonkortua da, urtero 600 ikusle inguru biltzen dituena Ibarrako harmailetan”. Gaineratu du, halaber, aurtengo edizioan nabarmentzekoa dela “parte hartu duten taldeen maila altua”, horietako batzuk Break On Stage Kultura Urbanoen Nazioarteko Jaialdiaren irabazleak izan baitira.

Dantza urbanoei buruz, Garaizabalek azaldu du sustraiak Euskal Herrian bota dituela, eta horren erakusgarri direla Break On Stage-ren bi sailkapen-faseak, “80 talde eta 800 parte-hartzaile baino gehiago biltzen dituztenak”. Aretxabaletakoa lehen sailkapena da, eta bigarrena apirilaren 22an jokatuko da Galdakaon.

Epaimahaia eta sarrerak

Koreografien maila baloratzeko puntako hiru dantzari arituko dira epaile lanetan: Alberto Pardo, munduko breakdance eszenan jardunean dagoen dantzari garrantzitsuenetakoa; Laura Bosque, Zaragozako Resistance Crew taldeko kidea eta dancehall estiloan aditua, eta Jorge Franch dantza urbanoen estilo anitzetan espezializatua. Hiru epaileek ikuskizuna eskainiko dute Fun Dantz jaialdiaren hasieran.

Sarrerak salgai daude Arkupen eta www.aretxabalet.eus webgunean, bost euroren truke.

Parte hartuko duten taldeak:

  1. FUNKY PLAYERS.
  2.  SOUL BREATH.
  3. CAMDEN JOYS.
  4. BAMBOO STICKS.
  5. ELEMENTRIX.
  6. LIL BAES.
  7.  PATO CON BAMBOO Y SETAS
  8. PETIT BREATH.
  9. CAMDEN VIBES.
  10.  PLAYGROUND.
  11. EMIL&WENDY.
  12. LEGACY BREATH.
  13. ELEMENTS.
  14. CAMDEN RULES.
  15. .- GOLD BREATH.
  16. MEGAPANDAS.
  17. .MUSES.
  18. THE FACTORY.
  19. BLACKHORSE.
  20. BIRIBBAES.
  21. B-BREATH