Hemengaz.eus plataforma digitala sortu da merkataritzari, ostalaritzari, autonomoei eta negozio txikiei laguntzeko

2020/04/17
Erosketak eta erreserbak aldez aurretik egiteko aukera ematen du, eta horiek trukatu egingo dira establezimenduek ateak berriz irekitzen dituztenean.

 

Hemengaz.eus plataforma digitala jarri da abian Aretxabaletako merkataritzari, ostalaritzari, autonomoei eta negozio txikiei alarma egoerak irauten duen bitartean diru-sarrerarik ez izatea arintzen laguntzeko. Wegbuneak erosketak eta erreserbak egiteko aukera ematen du, dendek edo zerbitzuek ateak berriz irekitzen dituztenean kontsumitzeko.

Udalak eta AZ taldekoek Hemengaz! ekimena bultzatu dute bertako saltokiei laguntzeko helburuarekin. Herri bizi bat “bertako merkatariek eta bertako biztanleek” egiten dutela sinetsita daude, hau da, “gure erabakiek eragina dute Aretxabaleta bizi bat izaten ala bizitasunik gabeko herri bat izaten”.

Beraz, atxabaltarrek herrian kontsumitzera animatzeko kanpaina berezi bat abiatu dute. Hemengaz.eus plataformak ez du ezartzen gastu minimo edo maximorik (bezeroak erabakitzen du), eta ordainketa merkatariari edo ostalariari zuzenean egingo zaio, banku-transferentzia edo Bizum bidez.
Oraingoz hogeita hamaika establezimenduk eman dute izena ekimen honetan: arropa dendak, erloju dendak, ileapaindegiak, jatetxeak, tabernak, psikologia zentroak.... Web plataforma berria sektoreari nahitaezko itxialdian laguntzeko sortu da, baina jarraitzeko bokazioa du. Izan ere, erakusleiho birtuala izan nahi du, udalerriak eskaintzen dituen zerbitzuak bilduko dituena.

Udala eta AZ taldearekin batera, Aretxarte, Ekaitz Zilarmendi argazkilaria, AZK, herriko eragileak eta kultur eta kirol taldeak daude ekimenaren atzean. Asteazkenean spota grabatu zuten balkoitik balkoira, merkatari eta ostalariei elkartasuna adierazteko.

Koronabirusaren krisia eragiten ari den ondorioak arintzeko beste ekimen batzuetan ari da lanean Udala. Merkataritzari, ostalaritzari eta profesional liberalei zuzenduta bi laguntza lerro sortu ditu: batetik, udal tasa batzuk etetea eta murriztea, eta bestetik, udalerrian kontsumitzeko bonuak.