Haurren eskubideak aldarrikatzeko eta elkartasuna sustatzeko egitarau zabala prestatu dute Aretxabaletan
Elkartasun ekimena
Azaroaren 20ari lotutako lehen ekintza, azaroaren 11tik 19ra bitartean burutuko da. Indiako Ankur umezurztegiaren aldeko neskentzako pijama eta barruko arropa bilketa egingo da. Materiala Almen, Basabeazpi eta Kurtzebarri ikastetxeetan jasoko da, sarreran jarriko diren kaxetan. Antolatzaileek gogorarazi dute barruko arropak berriak edo ia berriak eta egoera onean daudenak behar ditugula.
Arropa hau, Indiara bidaliko da, hain zuzen ere, umezurtzegi batetara. Ankur Karitateko Mojen zuzendaritzapean dagoen umezurztegia da, Indiako Bombay hirian kokatua dagoena. . Bertan 2 eta 14 urte bitarteko 220 neskatila bizi dira. Zentroaren helburua da haur horien oinarrizko beharrak asetzea eta etorkizun duina eraikitzeko beharrezko hezkuntza jasotzen dutela bermatzea. Umezurztegia neska hauen etxea da, eta bertan zaintza, maitasuna eta hezkuntza jasotzen dituzte. Bertako haur gehienak kalean aurkitutako edo familiek abandonatutako haurrak dira.
Ankur Umezurtzegi Proiektu honetan laguntzen, Arrasateko Harreman elkartea dabil azken urteotan. Harreman elkarteak batez ere, ekonomikoki laguntzen dio zentroari bere jarduna mantentzeko.
Esan beharra dago, Karitateko Mojeek egunero arroza eta arrautzak banatzen dizkietela kalean bizi diren familiei. Laguntza horren truke, familiek seme-alabak eskolara eramateko konpromisoa hartzen dute, haurren hezkuntzarako eskubidea sustatuz.
Azaroaren 20an ospakizuna eta aldarrikapena
Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean bertan ere hainbat ekitaldi antolatu dira herrian. 17:00etan, haurren eskubideak aldarrikatzeko giza katea egingo da, Herriko Plazatik Mitarte kaleraino joango dena. Ekimen honen bidez, haur guztiek babeserako, hezkuntzarako, osasunerako, jolaserako eta parte-hartzerako dituzten eskubideak aldarrikatuko dira.
Ondoren, 18:00etan, Herriko Plazan eskulan tailerrak egingo dira Ludoteka eta Errefortzu Programako begiraleen eskutik. Aldi berean, Kidam magoa ere bertan izango da, Mitarte ingurura hurbiltzen diren haur eta familien artean magia-trukoak eskainiz.
18:30ean txokolatada bat egingo da, guraso elkarteek prestatuta. Txokolatearekin batera elkartasun itsulapiko bat jarriko da jendeak borondatea bota dezan. Itsulapiko horretan jasotzen den dirua bidalketa gastuak ordaintzeko erabiliko da.
Antolatzaileek parte-hartzaileei gogorarazi diete bakoitzak bere edalontzia eramatea eskatzen dela, hondakinak murrizteko eta ekitaldia jasangarriagoa izan dadin.
Amaitzeko, Harreman, Arrasatetik Mundura elkarteak, informazio mahai bat jarriko du jendeak proiektuaren berri izan dezan.
Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte bai material bilketan bai azaroaren 20ko ekitaldietan parte hartzera. Haurren eskubideak defendatzea guztion ardura da, eta elkartasun keinu txikiek ere eragin handia izan dezakete haur askoren etorkizunean.
Egitaraua
Azaroaren 11tik 19ra
- Pijama eta barruko arropa bilketa Ankur umezurztegiarentzat Almen, Basabeazpi eta Kurtzebarri ikastetxeetan
Azaroaren 20a
- 17:00etan: Haurren eskubideen aldeko giza katea Herriko Plazatik Mitarte kaleraino, Musika eskolako trikitilariak lagunduta
- 18:00etan: Eskulan tailerrak Mitarten. Ludoteka eta Errefortzu Programako begiraleen eskutik . Ordu berean, Kidam magoak magia-trukoak egingo ditu haur eta familien artean
- 18:30ean: Txokolatada herrikoia Parte-hartzaileei beren edalontzia ekartzea eskatzen zaie. Gogoratu borondatea botatzeko itsulapikoa jarriko dela.
- 19:00tik 20:30ak arte DJ Mikeltxik jarriko dio musika jaiari.
Haurren eskubideak mundu osoko haur guztienak dira. Aretxabaletak, aurten ere, elkartasuna, parte-hartzea eta komunitatearen indarra baliatuko ditu eskubide horiek aldarrikatzeko eta haur guztiek etorkizun duina izan dezaten laguntzeko.
