Hasi dira Zuhaitzen birlandaketa lanak
Udalak herriko hainbat gunetan zuhaitzen birlandaketa lanak egingo ditu datozen egunetan. Ekimen honen helburua da azken urteotan ekaitzak, gaixotasunak, zaharkitzea edo bestelako egoerak direla eta apurtu edo hil diren zuhaitzak ordezkatzea, herriko berdeguneen kalitatea eta jarraikortasuna bermatzeko.
Birlandaketa plana irizpide tekniko eta ingurumen-irizpide desberdinak kontuan hartuta prestatu da, betiere arloko adituekin kontrastatuta. Gune bakoitzaren ezaugarriak (espazio erabilgarria, etxebizitzekiko distantzia eta lurzoruaren baldintzak) aztertu dira, kokaleku bakoitzerako espezie egokiena hautatzeko.
Aurreikusitako jarduketak honako hauek dira:
- Santakurtz hasieratik frontoiraino, Liquidambar espezieko zuhaitzak landatuko dira. Espezie honek egitura sendoa eta udazkeneko kolore ikusgarria eskaintzen ditu. Hala ere, etxebizitzetatik hurbilen dauden tarteetan tamaina kontrolatuagoa duen barietatea erabiliko da: Liquidambar Gumball, porte txikiagokoa da eta espazio murritzetan egokiagoa.
- Errekabarrenen, platanondo batzuk birlandatuko dira, lerrokadura berreskuratu eta itzal-jarraikortasuna bermatzeko. Zuhaitz hauek etorkizunean modu planifikatuan podatzeko asmoa dago, hazkundea kontrolatzeko eta segurtasuna indartzeko.
- Geltoki plazan, tiluak ordezkatuko dira, eta herriko beste hainbat tokitan bakarka dauden eta egoera txarrean dauden zuhaitzak ere berrituko dira.

- Plazan lehortuta zegoen arbola ere moztu da eta datorren neguan arbolen birlandaketa eta eremu hori txukuntzeko obra txiki bat ere egitea aurreikusten da.

Lan hauek datozen egunetan egingo dira. Obrak egiten diren bitartean, une puntualetan oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorrian aldaketak egon daitezke.
