Gurasoei hezkuntza-lana errazteko tresnak eta ezagutzak eskainiko dizkiete hitzaldien bidez

2023/02/03
Lehen hitzordua otsailaren 7an izango da, eta familian arauak eta mugak modu asertiboan nola ezarri landuko da. Ekintza hauek Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen ‘Treba Gurasoak’ programaren barruan kokatzen dira. Udalak, Hezkuntza sailaren bitartez, ekimen honekin bat egin du.

Udal Hezkuntza sailak gurasoei zuzendutako hiru hitzaldi antolatu ditu ezagutzak eta tresnak eskaintzeko, haien hezkuntza-lana errazteko helburarekin. Horrela, hainbat gai jorratuko dira, hala nola, familiako arauak eta mugak, bullying-a prebenitzeko ingurune seguruak sortzea, eta autoestimua.

Leyre Cano, Izaskun Lopez de Torre eta Nerea Mendizabal adituek zuzenduko dituzte otsailaren 7an, martxoaren 7an eta maiatzaren 4an egingo diren hitzaldiak. Ordu eta erdiko saio guztiak Arkupen izango dira, 18:00etatik 19:30era.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak sustatzen duen Treba Gurasoak ekimenaren barruan kokatzen da programa hau. Haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz.

Eskainiko diren hitzaldiak honako hauek dira:

1.Arauak eta mugak. Nola ezarri era asertibo batean

    • EGUNA: Otsailak 7. 18:00etan.
    • HIZLARIA: Leyre Cano. Magisteritza, Heziketa Fisikoa eta Psikopedagogiako ikasketak egin ondoren, haur eta nerabeekin lanean jardun da bere bizitzan zehar. Prestakuntza ezberdinak egiten jarraitu du adimen emozional, jolas, sormen eta artearen inguruan, baita komunikazio ez bortitzaren alorrean ere. Helduekin ere lan egin du eta abilezia sozial eta emozionalaren garapenerako jarduerak eskaintzen ditu.
    • HELBURUAK: Hitzaldi honen bitartez, familian harreman orekatua, osasungarria eta onuragarria izateko zer behar den ikusiko da, hori garatzeko beharrezkoak diren arauak eta mugak nola jarri landuz.
    • HIZKUNTZA: Euskara.

2.Bullying-egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu

    • EGUNA: Martxoak 7. 18:00etan.
    • HIZLARIA: Ortzadar enpresa (Izaskun Lopez de Torre).
    • HELBURUAK: Haur eta nerabeen hazkuntzan familiak duen babesle-funtzioaren garrantzia sustatzea. Jazarpen-egoerak antzeman eta identifikatzeko ezagutzak eta oinarrizko informazioa ematea.
    • HIZKUNTZA: Euskara.

3.Seme-alaben autoestimua elikatzen

    • EGUNA: Maiatzak 4. 18:00etan.
    • HIZLARIA: Nerea Mendizabal. Komunikazio ez bortitzeko trebatzailea, psikopedagogoa, Gizarte Hezkuntzan diplomatua eta haur-masajeko hezitzailea. Zutani jolasa, eta Elkarrekin hazi eta Jirafa hizkuntza liburuen sortzaile eta egilea da.
    • HELBURUAK: Autoestimuak bizitzako alor desberdinetan eragiten digu. Seme-alabengan jarri dezakegun begirada beraien auto irudirako elikadura osasungarria izan daiteke. Nola ikusten dut seme alaba? Nola deskubritzen dut nor den bere jokabide edo emaitzetan baldintzatu gabe? Nola lagundu diezaioket bere buruaz fidatzen?
    • HIZKUNTZA: Euskara.