Foru Aldundiak biribilgunea eraikiko du Aretxabaletako iparraldeko sarreran

2022/09/29
Kuartelaren inguruan dagoen egungo biribilgune zatitua ordezkatuko du, abiadura murrizteko eta bide-segurtasuna hobetzeko helburuarekin. Obrak urrian hasi eta sei asteko epean amaituko dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgunea eraikiko du herriaren iparraldeko sarreran, kuartel zaharraren parean, Aretxabaletara sartzeko zuzengune horretan trafikoa baretzeko eta, era berean, mugimenduak modu eroso eta seguruan hobetzeko helburuarekin.

Biribilgune berria GI-3920 errepidearen – Foru Aldundiaren jabetzakoa– eta Santakurtz, Otalora eta Bedarretako San Migel kaleen arteko bidegurutzean egokituko da, egungo bi erditan zatituta dagoen biribilgunea ordezkatuz. 80.000 euro inguruko inbertsioarekin, Excavaciones y Transportes Orsa enpresak egingo ditu lanak. Obrak urrian hasiko dira eta sei asteko epean amaitzea aurreikusten da.

Aretxabaletako Udalak Foru Aldundiari helarazi zion biribilgune hau eraikitzeko eskaera, herriko sarrera honetan abiadura murrizteko eta bide-segurtasuna hobetzeko xedearekin.

Biribilgune berriaren deskribapena

Jarduera nagusia biribilgunearen barruko eraztuna ixtea izango da, ibilgailu guztiek inguratu dezaten. Deuseztatutako galtzadaren zabalera 6,64 metroko errei batek eta 0,50 metroko barne-bazterbide batek osatuko dute. Barruko gorjalak 0,30 metroko kontua izango du, zintarri muntagarri bati atxikita, eta hormigoizko lauza bat, 1,09 zabalerako eta 20 zentimetroko lodierako mallazo (sare) bikoitzarekin, 30 zentimetroko lodierako zagor artifizialezko geruza baten gainean bermatuta.

GI-3920 errepidetik biribilgunera sartzeko zabalera 3,41 metrokoa izango da goranzko noranzkoan, eta norabide bereko irteerakoa, berriz, 3,56 metrokoa. Beheranzko noranzkoan, 3,30 metroko sarrera eta 3,45 metroko irteera zehazten dira. Bi ertzak urbanizatuta daudela kontuan hartuta diseinatu dira zabalera horiek. 29,30 metroko egungo diametroa mantenduko da.