Festak Aretxabaleta hartuko du bost egunez

2022/08/12

Andramaixak osagai guztiekin itzuliko dira herriko kaleak musikaz, alaitasunez eta festaz betetzeko, bihartik datorren asteazkenerarte.

Hiru urtez ospatu ezinik egon ondoren, 2022ko Andramaixak "berriro elkartzeko jaiak" dira azpimarratu du Unai Elkoro alkateak. "Argi dago festarako gogoa dugula, baina galdutako denbora berreskuratzeko nahiak ez gaitu itsutu behar. Beraz, elkarrenganako errespetuz jokatzeko deia egiten dut, guztiok jaietaz goza dezagun", nabarmendu du alkateak.

Musika, escape room, suzko erruberak, pilota…

Musikari dagokionez, “El Drogas”, Itziar Yague blues abeslaria eta Wilson & Wilsonetis-en (Fito&Fitipaldis tribute band) kontzertuez gain, Rockalean eta Los rebeldes del swing taldeek kaleak girotuko dituzte, Bide Batez taldearen dantzaldiarekin batera.

Berrikuntzetako bat ‘Escape Room Karabana’ izango da, Kurtzebarri Eskolako kantxaren aurrean jarriko dena. 16 urtetik gorakoek (hamar urtetik aurrerakoek heldu batekin parte hartuko dute), bi pertsonatik bostera bitarteko taldeetan eta 90 minutuko saioak eginez, gozatu ahal izango dute joko honetaz. Erreserbak (doan) www.lacaravanaescaperoom.com helbidean egin beharko dira.

Jaiek, gainera, su artifizialak berreskuratuko dituzte abuztuaren 15eko gauan. Kirolari dagokionez, asteartean Leintz Bailarako txirrindulari lasterketaren 82. edizioa jokatuko da. Egun horretan pilota profesionaleko partidak ere izango dira Iturrigorri pilotalekuan. Abuztuaren 16a, ohikoa denez, haurrei eskainiko zaie.

Erasorik gabeko festen alde

Jaietan ligatzea? Bai, baina beti errespetuarekin lelopean, Udalak kanpaina bat jarri du abian Andramaixetan eraso sexistak prebenitzeko. Horrela, igandean Puntu Morea ipiniko da Mitarte kalean 19:00etatik 24:00etara. Erreferentziazko gune segurua izango da, genero eta sexu aniztasunarekiko begirada aberatsa emango duena. Gertakarien aurrean erantzun azkarra eskainiko du, eta genero eta sexuaren gaineko zalantzak ere argituko dituzte bertan.