Euspot lehiaketaren 15. edizioa aurkeztu dute: euskarazko sormena sare sozialetara eramateko gonbita
Dagoeneko aurkeztu da Euspot lehiaketaren 15. edizioa, euskarazko sormena sustatzeko eta Euskal Herrian sortzen den publizitateak euskara oinarri izan dezan antolatzen den erreferentziazko spot lehiaketa. Urtez urte sendotuz joan den ekimena da, eta jada 1.000 spot baino gehiago bildu ditu, euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzaren erakusleiho bihurtuz.
Lehiaketaren atzean daude Aretxabaletako Udala, Arteman Komunikazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Arizmendi Ikastola. Laguntzaile gisa, berriz, Bai Euskarari Elkartea eta Music Library daude; eta aurten ere babes instituzionala izango du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila-ren eskutik.
Aurtengo edizioan parte-hartzaileek galdera honi erantzun beharko diote: “Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan?”. Helburua da gazteak sormenaren eta publizitatearen mundura hurbiltzea, eta aldi berean, euskarak mundu digitalean presentzia handiagoa izan dezan bultzatzea.
Antolatzaileek nabarmendu dute mundu globalizatu honetan euskara dela bereizgarri nagusietako bat. Sare sozialetan euskaraz sortzeak identitate digital propioa eraikitzeko aukera ematen du, eta erdarazko eduki uholdearen aurrean balio erantsi nabarmena eskaintzen du. Gainera, euskarazko komunitatean erreferente izatea errazagoa izan daiteke, hizkuntza hegemonikoetan lehiatzea baino.
Parte-hartzaileek gehienez 30 segundoko iragarkiak aurkeztu beharko dituzte, formatu librean (horizontala zein bertikala). Helburua izango da gazteak euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzera bultzatzea, sormena eta egunerokotasuna uztartuz.
Parte-hartze irekia eta sariak
Lehiaketa irekia da, eta edozeinek har dezake parte. Sei sari banatuko dira guztira:
- Spotik onena: 1.000 euro
- Publikoaren saria: 500 euro
- Gazteen saria (18 urtetik beherakoak): 500 euro
- Musika sinkronizazio onena: 300 euro
- Mondragon Unibertsitateko ikasleen saria: 500 euro
- Arizmendi Ikastolako ikasleen saria: 250 euro
Guztira, 3.000 euro baino gehiago banatuko dira saritan.
15 urteko ibilbidea eta etorkizuneko erronkak
Duela 15 urte sortu zen Euspot, eta gaur egun Euskal Herri osoko parte-hartzaileak biltzen dituen lehiaketa sendoa da. Aurreko edizioetan jasotako lanek erakutsi dute euskarazko sorkuntzak indarra eta kalitatea dituela, eta gero eta gazte gehiago animatzen direla ikus-entzunezko edukietan euskara erabiltzen.
Horrez gain, antolakuntzak aurten ere ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazio saioak eskainiko ditu hainbat ikastetxetan, gazteen artean sormena pizteko eta parte-hartzea sustatzeko.
Parte hartzeko epea
Parte hartu nahi dutenek 2026ko maiatzaren 25era arte izango dute lanak aurkezteko aukera. Horretarako, galdetegi bat bete beharko dute, eta lehiaketako briefing-a eta oinarriak Euspoten webgunean daude eskuragarri.
Euspotek, beraz, beste urte batez erronka argia luzatu du: euskaraz sortu, partekatu eta mundu digitala gure hizkuntzaz margotu.
