EUSPOT lehiaketako sari nagusia ”Klik bat baino gehiago” spotak irabazi du
Aretxabaletako Arkupe kultur etxean egin da sari banaketa festa. Zaraia aretoa jendez bete da irabazleen izenak zeintzuk diren jakiteko eta lanak txalotzeko. Nahia Sillero aktoreak eta Ian Ruiz eduki sortzaileak aurkeztu dute sari banaketa eta bere antzezlanarekin eta hainbat sorpresarekin ere gozatu ahal izan da. Hasieratik festa giroan murgilduta adin ezberdinetako publikoak ekitaldiaz gozatzeko aukera izan du. Lehiaketan aurkeztutako 95 iragarkietatik epaimahaiak aukeratutako 20 finalistak ikusi ahal izan dira pantaila handian eta ekitaldi ostean luntxaz gozatu ahal izan dute gerturatutakoek. Ekitaldiaren argazki albuma: https://www.flickr.com/photos/arteman/albums/72177720334143102/
Guztira, Euspot-ek 3.000 eurotik gora banatu ditu saritan, sei kategoria ezberdinetan:
- Spotik onena / 1.000 euro “Klik bat baino gehiago” spota. Egileak: Asier Corchete eta Anje Arlanzon (Oñati eta Arrasate). Spotaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna da gehien baloratu dena. Aitziber Atorrasagasti, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako zuzendariak banatu du saria.
- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena / 500 euro “Izan marrazo!” spota. Egileak: Eneko Eizagirre, Auritz Loidi eta Eider Abarrategi (Zarautz, Bergara eta Arrasate). Nagore Ipiña, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak banatu du saria.
- Publikoaren saria / 500 euro “Zergatik ez?” spota. Egileak: Eñaut, Manex, Jokin, Oier, Ane, Intza, Noa, June, Haizea, Lea, Maialen, June, Izar, Nora, Jare, Maialen, Naia, Laia, Iraun, Alain eta Aiza (Ondarroa). Garikoitz Iturbe, Aretxabaletako alkateak banatu du saria.
- Musika sinkronizazio onenaren saria / 300 euro “Igo ezazu bideoa” spota . Iragarkiaren musika egokitasunagatik eta originaltasunagatik. Egileak: Mikel Lizardi eta Inhar Ormazabal (Elizondo eta Iruñea). Arantzazu Lagunilla, Artemaneko zuzendariak banatu du saria.
- Gazteen saria (18 urtetik beherakoak) / 500 euro “Eman like euskarari!” spota. Egileak: Sara Iraola Arriaran eta Naia Martinez Oruna (Arrasate). Naiara Okina, Arizmendi ikastolako komunikazio arduradunak banatu du saria.
- Arizmendiko ikasleen spotik onena / 250 euro “Sarea zurea da!” spota. Egileak: Lander Valle eta Peru Iturricastillo (Aretxabaleta). Naiara Okina, Arizmendi ikastolako komunikazio arduradunak banatu du saria.
Parte-hartze handia: Euskal Herri osotik jasotako 95 spot
Euspot Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Ondo errotutako lehiaketa da eta orain arteko edizio guztiak batuta 1.000 spot baino gehiago jaso dira. 2026ko edizioan Euspoten parte-hartzea handia izan da: guztira 95 lan aurkeztu dira. Aurkeztutako lanen artean, 14 lan 18 urtetik gorakoek eginak dira, eta 81 spot adin txikikoek eginak.
Spot guztiak ikusgai: https://euspot.eus/hemen-dituzue-95-spotak-ikusgai-2/
Aurten ere Euskal Herriko leku askotan landu dituzte spotak: Elizondo, Iruña, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Aretxabaleta, Zarautz, Santurtzi, Ondarroa, Bergara, Arrasate, Azkoitia, Oñati, Anztuola, Villabona, Legazpi, Oiartzun, Eskoriatza…
Eskerrik asko guztiei!
Aurtengo gaia: “Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan?”
Helburua izan da 30 segundoko iragarki bat sortzea, gazteak sare sozialetan euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzera bultzatzeko.
Mundu digitala euskaraz margotzea ekintza sortzaile eta boteretsua da. Euskara da gure bereizgarri nagusia mundu globalizatu honetan, eta edukiak euskaraz igotzean, identitate digital propioa eraikitzen dugu. Ez gara kopia bat; begirada berezia eskaintzen diogu munduari.
Erdarazko ozeanoan, euskara da gure balio erantsia. Algoritmo guztien gainetik errazagoa da erreferente izatea euskal komunitatean, milioika lagunekin gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez lehiatzea baino. Euskarazko sorkuntza kalitate handikoa da, eta indartzen ari da eduki-sortzaile berrien olatuari esker. Ondorioz, euskarazko edukiaren bolumena hazten ari da, eta gertuko edukiak kontsumitzeko joera handitzen doa.
Azken urteotako uztari eutsiz jarraitzen du Euspotek eta aurten ere sekulako babesle eta laguntzaile zerrenda batu da euskarazko spot lehiaketaren deialdira. Honako hauek dira babesle eta antolatzaileak:
Babeslea:
- Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Antolatzaileak:
- Aretxabaletako Udala
- Arteman Komunikazioa
- Mondragon Unibertsitatea
- Arizmendi Ikastola
Laguntzaileak:
- Bai euskarari Elkartea
- Music Library
Publikoaren sarirako 1.800 boto baino gehiago
Publikoaren boto gehien dituen spotak 500 euro jaso ditu. 4 egunetako epean 1.800 boto baino gehiago jaso dira guztira aurten.
400 ikasle sormenari buruzko formazio saioetan
Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioak eskaini ditu Euskal Herriko ikastetxeetan, spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saioen helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Azken urteetan 6.000 ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak hezkuntza zentro ezberdinetan.
