Euspot euskarazko spot lehiaketaren hamargarren edizioa martxan dago

2021/02/21

 Nekazaritzatik bizi nahi dugu! da aurtengo gaia

Euspot euskarazko spot lehiaketaren hamargarren edizioa martxan dago. Lehenengo sektorea ardatz hartuta, Nekazaritzatik bizi nahi dugu! da hautatu duten gaia. "Aurtengo spotak gazteak animatu beharko ditu familia nekazaritzatik bizitzera. Helburua gazteak eta horien artean, batez ere, emakumeak landa eremura gerturatzea izan behar da", adierazi dute antolatzaileek.

Edizio honetan, lanen iraupena 30 segundokoa izan behar da gehienez, eta edozein formatutan grabatu ahal izango da: horizontalean edo bertikalean. Parte-hartzaileek maiatzaren 12ra bitartean izango dute aukera euren lanak aurkezteko, eta sari banaketa maiatzaren 27an egingo da. 

2.800 euro saritan

Sei sari banatuko dira: spotik onena (1.000 euro), publikoaren saria (500 euro), musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro), eta gazteen saria (250 euro), 14 eta 18 urte bitartekoentzat zuzendutakoa. Sari gehigarriak ere izango dira: Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro) eta Arizmendi ikastolako ikasleen spotik onena (250 euro).

Arteman Komunikazioa, Mondragon Unibertsitatea, Arizmendi ikastola eta Aretxabaletako Udala dira antolatzaileak.

Informazio gehiago: www.euspot.eus.