Euskara indarberritzeko planaren emaitzak aurkezteko deboluzio saioa egingo da

2025/05/26

Aretxabaletako Udalak, azkenengo hilabeteetan, AROA plana garatzen jardun du, euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko asmoarekin. Plana 10 urtetarako izango da, eta hori definitu ahal izateko Elhuyar Aholkularitzarekin batera parte-hartze prozesu zabala burutu da hainbat fasetan.

Lehengo fasean, informazioa hiru bidetatik jaso zen: euskara arloan orain arte egindakoaren azterketa, herritarrek erantzundako galdetegiak eta zenbait pertsonari egindako elkarrizketa kualitatiboak. Ondoren, informazio hori laburtu eta euskarak Aretxabaletan duen egoeraren diagnostikoaren zirriborroa osatu zen.

Bigarren fasean, herritarrekin egindako saio irekian, diagnostikoa kontrastatu eta osatu zen, eta datozen urteetarako erronka estrategikoak identifikatu ziren.

Eta, azkenik, otsailaren 3an egindako saioan Plan Estrategikoa sortzeko lehentasunak adostu eta aurrera begirako egiturak eta lan egiteko modua adostu ziren.

Orain deboluzioa egiteko unea heldu da, orain arte jasotakoak azaldu eta lehenetsitako gaien inguruko lan-taldeak osatzeko helburuarekin. Deboluzio saioa maiatzaren 27an izango da, 18:00etan, Arkupeko 2. solairuan. Saio horretara herritar guztiak daude gonbidatuta.