EAEko lehen zentro soziosanitarioa estreinatu du adinekoen ongizatea hobetzeko eredu aitzindari batekin

2026/01/21

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak —Adinberri Fundazioaren bidez— eta Aretxabaletako Udalak abian jarri dute proiektu pilotu hau, espazio berean osasun-, gizarte- eta komunitate-zerbitzuak integratzen dituena, prebentzioaren, koordinazioaren eta 70 urtetik gorako pertsonen arreta pertsonalizatuaren alde apustu eginez.

Osakidetzak Aretxabaletan bizi diren 70 urtetik gorako 1272 pertsona identifikatu ditu, eta, hasierako balorazio baten bidez, mendekotasuna duten 146 pertsona, 46 ahul eta 505 sendo atzeman ditu.

Proiektuak Euskadiko beste udalerri batzuetara hedatzeko bokazioa du eta paradigma aldaketa bat dakar zaintza-sisteman, non pertsonak leku nagusia duen interbentzioan, zerbitzuen hartzaile gisa ez ezik, eskubide eta zainketen subjektu aktibo gisa ere.

Zentro hori martxan jarrita, Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aretxabaletako Udalak zaintza-eredu gizatiar, hurbil, eraginkor eta jasangarriago batekin duten konpromisoa indartu dute, zahartzearen egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango dena.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak —Adinberri Fundazioaren bidez— eta Aretxabaletako Udalak POBA – Pertsonen Ongizatea Begirada Anitzetik Aretxabaleta proiektu pilotua jarri dute abian Osakidetzaren Aretxabaletako Osasun Zentroan. Arreta soziosanitarioko eredu berritzailea da, eta, lehen aldiz, osasun-, gizarte- eta komunitate-zerbitzuak espazio fisiko berean eta lan partekatuaren ikuspegitik integratzen ditu. Helburua da hauskortasun-egoerei aurrea hartzea, bizi-kalitatea hobetzea eta 70 urtetik gorako pertsonen ongizate integrala sustatzea.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak eta Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbek gaur eman dute ezagutzera proiektu hau, Euskadiko beste udalerri batzuetara zabaldu daitekeen erreferentzia-eredu bihurtzeko asmoarekin sortua.

Alberto Martínez Osasuneko sailburuak azpimarratu du proiektu honekin ate bat irekitzen zaiola zainketa-eredu berri bati, etorkizunari begiratzen dion eredu bati, osasuna eta ongizatea eskubide bat direla sinetsita, eta erabat bermatzen direla soilik prebentziotik, hurbiltasunetik eta lankidetzatik lan egiten denean, funtsezkoa zahartzearen erronkei erantzuteko. "Zerbitzu soziosanitario integrala duen osasun-zentro honen lehen esperientziarekin Osakidetza marka definitzen duen urrats bat ematen dugu. Zaintzen, prebenitzen, laguntzen eta pertsonak zentroan kokatzen dituen Osakidetza. Osasunak batzen gaituelako, eta ongizateak ere bai ", adierazi du Martinezek.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, Gipuzkoako zentro soziosanitarioak adinekoen zaintza integrala eta ongizatea lortzeko duen garrantzia azpimarratu du. " Ez da kasualitatea lehen ekimen hau Gipuzkoan egitea; izan ere, Adinberriren bitartez, zaintza eta babes sozialaren eredua eraldatzeko ahalegin kolektibo garrantzitsua egiten ari gara, arreta pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitatearekin konektatuagoa eskainiz", azaldu du.

Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbek adierazi du Udala apostu handia ari dela egiten adinekoen ongizatean eta proiektu honek ekarpen handia egiten diola estrategiari. “Horretaz aparte sistema ezberdinen arteko harremana aspalditik egon den arren,  udal gizarte zerbitzuen eta herriko osasun zentruaren arteko koordinazioa indartu eta lan amankomun bat egiteko pausoak zalantzarik gabe onura esanguratsua ekarriko dio herriari”, gehitu du.

POBAk zaintza-sistemaren paradigma aldatzen du, batez ere erreaktiboa den eredu batetik beste eredu prebentibo, proaktibo, pertsonalizatu eta koordinatu batera igarotzen baita, non sistemek —sanitarioak eta sozialak — elkarrekin eta modu osagarrian jarduten duten. Pertsonak leku nagusia hartzen du interbentzioan, zerbitzuen hartzaile gisa ez ezik, eskubide eta zainketen subjektu aktibo gisa ere.

Osakidetzak Aretxabaletan bizi diren 70 urtetik gorako 1272 pertsona identifikatu ditu, eta horietatik % 55 inguruk (729 pertsona) parte hartu dute hasierako balorazioan, Adinekoei Arreta emateko Planaren bidez, tipologiaren arabera sailkatzeko. Balorazio horren ondoren, Osakidetzak Aretxabaletan une honetan mendekotasuna duten 146 pertsona, 46 ahul eta 505 sendo atzeman ditu.

PERTSONA ARDATZ DUEN PREBENTZIO-EREDUA

Aretxabaletako zentro soziosanitario berriak zaintza-eredu erabat integratua gauzatzen du, osasun-, gizarte- eta komunitate-zerbitzuen artean. Integrazio hori antolakuntzan zein espazio fisikoan bertan gertatzen da, profesionalen arteko koordinazioa erraztu eta herritarrei arreta goiztiar, hurbil eta eraginkorragoa eskaintzeko.

Izan ere, Osakidetzaren Aretxabaletako Osasun Zentroa hartzen duen eraikin berean dago kokatuta. Bertan, hiru solairu osasun-arlora bideratuta daude esklusiboki, eta azken solairua udaleko gizarte zerbitzuetarako da. Horrela, Osakidetzaren osasun-zentro gisa funtzionatzeaz gain, gizarte-zerbitzuak ere hartzen ditu arreta integrala eskaintzeko, prebentzioaren ikuspegitik eta pertsona ardatz hartuta.

Proiektuaren berrikuntza nagusien artean pertsonen balorazio integrala eta bateratua nabarmentzen da, alderdi sanitarioak, funtzionalak, kognitiboak, emozionalak eta sozialak barne hartzen dituena. Ebaluazio horretatik abiatuta, eta Osakidetzako Adinekoen Arreta Plana eta Gizarte-zerbitzuen arreta-plan indibidualizatua erreferentziatzat hartuta, Arreta Soziosanitarioko Plan Indibidualizatu bateratua egiten da, pertsonarekin berarekin adostuta, haren benetako beharretara egokitutako erantzunak emateko.

Era berean, POBAk hauskortasunaren prebentzio aktiboaren aldeko apustu irmoa egiten du, erorikoak, polifarmazia edo narriadura kognitiboa edo bakardade kasuak bezalako arriskuak garaiz identifikatzeko, eta autonomia mantentzera eta mendekotasun-egoerak atzeratzera bideratutako programa pertsonalizatuak garatzeko.

ZAHARTZEAREN ERRONKEI ERANTZUTEA

Biztanleriaren zahartze progresiboak eta pandemian ikasitako lezioek agerian utzi dute koordinazio soziosanitarioa indartzeko beharra, bikoiztasunak eta asistentzia-hutsuneak saihesteko eta baliabide publikoen erabileraren eraginkortasuna hobetzeko.

Zentro honek arreta goiztiarrean, asistentziaren jarraitutasunean eta inplikatutako eragileen arteko koordinazio eraginkorrean oinarritutako ikuspegiaren bidez erantzuten die erronka horiei, bat-bateko edo larrialdiko egoeretan ere erantzun azkarra eta egokia bermatzeko, deribaziorako protokoloak eta zirkuituak argi zehaztuta.

ETORKIZUN-SENA DUEN PROIEKTUA

Lehen fasean, POBA Aretxabaletako 70 urte edo gehiagoko pertsonei zuzentzen zaie, eta arreta berezia eskaintzen die hauskortasun-egoeran daudenei. Etorkizunean, eredua beste kolektibo batzuetara zabaldu ahal izango da, besteak beste, desgaitasuna duten, autonomia pertsonala murriztua duten edo babesgabetasun-egoeran edo gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonetara, bai eta komunitatera ere, oro har.

Espero diren emaitzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: gizarte- eta osasun-zerbitzuen arteko koordinazio handiagoa, adinekoen kopurua handitzea balorazio multidimentsionalarekin eta plan pertsonalizatuarekin, saihestu daitezkeen instituzionalizazioak murriztea eta, azken batean, herritarren autonomia, bizi-kalitatea eta ongizatea nabarmen hobetzea.

Aretxabaletako zentro soziosanitario berria abian jarrita, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aretxabaletako Udalak indartu egin dute zahartzearen egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango den zaintza-eredu gizatiarrago, hurbilago, eraginkorrago eta jasangarriago baten aldeko konpromisoa.

Proiektu hau Euskadiko osasun-politiken bilakaeraren barruan kokatzen da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritzaren bidez, Osakidetzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aretxabaletako Udalak bultzatutako estrategia nagusiekin erabat lerrokatuta; eta bat dator Euskadiko Osasun Itunarekin, funtsezko estrategiak ezartzen baititu, besteak beste, prebentzioa eta osasunaren sustapena, arreta integrala eta berrikuntza asistentzia-ereduen antolaketan. Hori guztia herritarren ongizate integrala hobetzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bere baitako Adinberri Fundazioaren Plan Estrategikoak jasotzen duen bezala.

ESPAZIO INTEGRATU BAKARRA

Euskadiko lehen zentro soziosanitarioa Aretxabaletako osasun-zentroa hartzen duen eraikin berean dago kokatua; Osakidetzaren zentro ireki berria, Oiongo osasun-zentroarekin batera. Uztailean hasi zen jardunean, Gipuzkoako 7.000 biztanleri baino gehiagori zerbitzua emateko. Osasun Sailak 5 milioi euro inguru inbertitu dituen baliabide berri hori, lau solairutan banatuta dago, eta horietatik hiru osasun-arlora soilik bideratuta daude, 21 kontsulta-gelarekin, non Familia Medikuntzako eta Erizaintzako zerbitzuez gain, beste batzuk ere dauden, tartean Pediatriako arloa; eta azken solairua udaleko gizarte-zerbitzuetarako da.

Horrela, Osakidetzaren osasun-zentro gisa funtzionatzeaz gain, gizarte-zerbitzuak ere hartzen ditu, arreta integrala eskaintzeko, prebentzioaren ikuspegitik eta pertsona ardatz hartuta. Guztira 2.000 metro karratu erabilgarri baino gehiago ditu, asistentziarako gaitasuna nabarmen handitzen dutenak, eta espazioa laukoiztu egin du aurreko instalazioekin alderatuta.