Eskola agenda 2030 ikasleek egindako lanaren azalpenak eman dituzte udal foroan
Aretxabaletako Kurtzebarri BHI eta LHko ikasleek bi urtez hizkuntza aniztasuna eta euskara landu dute Agenda2030 egitasmoaren barruan. Agenda 2030 Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2015ean onartutako garapen jasangarrirako ekintza-plana da: unibertsala, integrala eta eraldatzailea. 2024/2025 eta 2025/2026 ikasturteetan esan bezala, 18. helburu jasangarria landu dute hizkuntza eta kultura aniztasuna, hain zuzen ere.
2024/2025 ikasturtean Aretxabaletako diagnostiko bat egin zuten Aretxabaletan euskararen erabilera aztertzeko. Horretarako, kaleko euskararen maila aztertu zuten; kartelak zein hizkuntzatan zeuden ikusi zuten eta herritarrei euskarari buruzko inkestak egin zizkieten. 2025/2026 ikasturtean, diagnostiko horretan oinarrituta, euskararen erabilera bultzatzeko ekintza eraldatzaile bat planteatu dute.
Ekintza komiki moduko kartel batzuen banaketan datza. Sortutako karteletan lehen hitza euskaraz egiteko gonbita egiten da esaldi berdina hainbat hizkuntzetan idatzia: gaztelania, frantsesa, urdua eta arabiera. Hizkuntza hauek Aretxabaletan euskaraz gain gehien erabiltzen direnak direlako aukeratu dituztela azaldu dute ikasleek.
Kartelak arropa dendetan, tabernetan, harategietan, arrandegietan, okindegietan eta bestelako establezimenduetan banatu dituzte.
Guztira, gutxi gorabehera 30 establezimendu bisitatu dituzte. Euren iritziz, proiektu hau oso garrantzitsua da herriarentzat: euskararen erabilera ez galtzeko, ez dakitenek ikasteko eta dakitenek gehiago erabiltzeko.
Diagnostikoan ikusi zuten gazteek geroz eta gutxiago hitz egiten dutela euskaraz; beraz, proiektu honen helburuetako bat da, gaztetxo hauek azaldutakoaren arabera euskararen erabilera handitzea gazteen zein kanpotarren artean. Horregatik, gonbidatzen dituzte gazte, etorkin zein herritarrak orohar, zerbitzu batera joaten direnean lehen hitza euskaraz egitera.
Animatu lehen hitza eta eskaerak euskaraz egitera!
