Esaldi lehiaketako sariak (10. urtea)

2013/07/12
Ostiralean, hilak 5, epaimahaia elkartu zen 2013ko esaldi lehiaketako irabazleak aukeratzeko. Sarituak honako hauek izan dira:

- Andramaixetako egitarauan  erabiliko den leloa:

Giro sanuen blai,
Andramaixetan beti jai!
Egilea “ANDRAMAIZALEAK” taldea izan da ( Larraitz Berecibar Armentia), eta saria, 120 €.

- Pegatinak egiteko erabiliko diren esaldiak:

“Izan leike jai bikaina
hartzen butzau tamaina”
 Egilea “ENBOR” taldea izan da ( Juanmari Aguirreurreta), eta saria, 60 €.

 “Andramari jaietako gidari,
ni neu nire zaindari”
 Egileak: Uxue eta Maddi Bengoetxea Romaratezabala, eta saria, 60 €.

 “Ein ba dantza
eta ez balantza!”
 Egilea “GEU” taldea izan da (Katalin Antxia eta Benjamin Duinat), eta saria, 60 €.

Esaldi lehiaketa txapelketari 2003an eman zitzaion hasiera eta 10 urte hauetan hainbat moldaketa izan ditu. Gaiei dagokienez adibidez,  hasiera baten honako hauek ziren:

  • Jaiak ondo pasatzera gonbidatzea.
  • Ligatzeko leloak asmatzea.
  • Andramaixak, jaiak, euskara, gazteak...elkartzea
  • Jaiak neurri onean ospatzea desiatzea ...

 

Hurrengo pausoa prebentzio aldeko mezuei lehentasuna ematea izan zen, eta horregatik 2007an gaien zerrendaren ordena aldatu egin zen:

  • Jaiak neurri onean pasatzea animatzea
  • Jaiak ondo pasatzea gonbidatzea
  • Andramaixak, jaiak, euskara, gazteak … elkartzea
  • Ligatzeko leloak asmatzea…


Eta urte horretan ere 2 ohar gehitu ziren txartelean:

  • “Epaimahaiak BEREZIKI SARITUKO DITU  Andramaixak neurri onean pasatzera gonbidatzen duten esaldiak”
  • “Ez dira onartuko neurriz kanpoko kontsumoa bultzatzen duten esaldiak”

Gero, 2008an, berdin mantendu zen baina bigarren esaldiari ondorengoa gehitu zitzaion: “ezta jarrera sexistak bultzatzen dituztenak ere”.

Dena den, nahiz eta horrela agertu txartelean, prebentzioaren aldeko mezuak oso gutxi ziren eta horregatik, aurten, esaldi lehiaketaren 10. urtemugan, prebentziorako zerbitzuak beste pauso bat ematea proposatu zuen: prebentzioaren aldeko mezuak bakarrik saritzea.

Eta proposamena onartuta, 2013an esaldi lehiaketaren gaia “Jaiak neurri onean pasatzera gonbidatzea” izan da.

Guztira  56 esaldi aurkeztu dira (zenbat talde diren ez dakigu, askok izenik ez dute jarri eta). Horietatik, 32 ez dira onartu esandako gaia ez dutelako jorratu eta beste 2 prebentzioaren kontrakoak  zirelako. Beraz emandako gaia jorratu dutenak 22 izan dira:

• Jaiak neurri onean pasatzera gonbidatzea

Prebentziorako zerbitzuaren balorazioa  oso ona izan da, esaldi kopuru aldetik zein kalitatearen aldetik. Jarduera honen bitartez lortu nahi zen helburua prebentzioaren aldeko mezuak bultzatzea zen, eta jaiak eta kontsumoaren artean dagoen lotura nolabait apurtzea.

Beste datu batzuk: Lehiaketa hau  2003an hasi zen, urte hartan 4 taldek hartu zuten parte eta guztira 18 esaldi aurkeztu ziren; 2004an, 7 talde izan ziren eta 51 esaldi; 2005ean, 12 talde eta 71 esaldi;  2006an,  15 talde eta 98 esaldi; 2007an, 44 esaldi ; 2008an 27 talde eta 108 esaldi;  2009an, 21 talde  eta 65 esaldi;  2010ean 14 talde eta 56 esaldi guztira, 2011n, 18 talde eta 66 esaldi; 2012an, 24 talde eta 77 esaldi.