Erasmus+ programaren bidez nazioarteko nesken topaketa eta gaztelekurako ekintzak Aretxabaletan
Urriaren 11an, Nesken Nazioarteko Eguna dela-eta, Alemaniako Wiesbaden hiriko udalak Erasmus + programa baliatuz, urtero herrialde desberdinetako nesken topaketa bat antolatu ohi du. Aurten, pasa den urtean bezala, topaketa hori Polonian izan da eta bertan, Turkiako, Alemaniako, Poloniako eta Palestinako neskak elkartu dira, Aretxabaletakoekin batera.
Egonaldiaren helburua izan da hausnarketa eta esperientzia truke baten bidez neskak ahalduntzea: herrialde bakoitzean neska izateak zer esan nahi duen, bizi dituzten egoerak eta erronkak partekatu zituzten, ikuspegi global batetik elkarri laguntzeko asmoz. Aldi berean, aisialdirako eta turismo kulturala egiteko aukera ere izan zuten, eta sortutako adiskidetasunak gaur egun ere mantentzen dituzte.
Bidaiaren beste xede nagusietako bat izan da Aretxabaletako Gaztelekuan neskek espazioa berreskuratzeko egitasmo baten diseinua lantzea. Parte-hartzaileek gaztelekuaren erabilerak aztertu, beharrak identifikatu eta neskentzat erakargarriagoa izango den espazio baten proposamena garatu dute, protagonismo handiagoa izan dezaten.
Prozesu honen jarraipena egiteko, datozen hilabetetarako hainbat ekintza antolatu dituzte:
- Azaroak 9, 17:30: Nazioarteko sukaldaritza: Polonia (Pierogi)
- Azaroak 13, 17:00: Zeramika eta totebag tailerra
- Azaroak 23, 17:30: Tertulia feminista
- Azaroak 30, 17:30: Manikura tailerra
- Abenduak 14, 17:30: Nazioarteko sukaldaritza: Suedia/Danimarka (kanelazko biribilak)
- Abenduak 19: Afaria + disko festa
Ekintza hauek guztiak Gaztelekuan egingo dira eta helburua da neska-mutil guztiek parte hartzea, berdintasunaren eta elkarbizitzaren aldeko urratsak emanez.
