Erasmus +, nazioarteko nesken topaketa

2025/10/01
Datorren urriaren 6tik 12ra, bigarrenez, Aretxabaletako zazpi neskek, Gaztelekuko bi hezitzailez lagunduta Poloniara egingo dute bidaia nazioarteko nesken topaketa batetara.

Urriaren 11an, Nesken Nazioarteko Eguna dela-eta, Alemaniako Wiesbaden hiriko udalak Erasmus + programa baliatuz, urtero herrialde desberdinetako nesken topaketa bat antolatu ohi du.

Aurten, pasa den urtean bezala,  topaketa hori, Pisarzowice herrian izango da Poloniako Wroclaw hiri ondoan dagoena. Bertan, Turkiako Niñufer hiriko neska talde bat, Wiesbaden-eko neska talde bat,  Poloniako neska talde bat, Palestinako neska talde bat Aretxabaletako neskak elkartuko dira.

Astebeteko egonaldia egingo dute eta bertan herrialde desberdinetan neska izatea zer den, nola bizi diren, ze egoera bizi dituzten eta azken finean, neska izateak suposatzen duenaren inguruko hausnarketa egingo dute. Ahalduntzerako topaketa bat izango da.

Astebeteko egonaldi honetan, elkarrekin biziko dira denak eta tailer eta hausnarketez gain, aisialdi ekintzak, irteerak eta bestelakoak ere egitea aurreikusten dute.

Aretxabaletatik, DBH4 ikasturtean dabiltzan 7 neska eta gaztelekuko bi hezitzaile joango dira.  Itzultzen direnean, gaztelekuan bizitakoa partekatuko dute gainontzeko erabiltzaileekin eta baita gurasoekin ere.

Horretaz gain, partehartzeko baldintza gisa, Gaztelekuan nesken parte hartzea sustatzeko proiektu bat pentsatu eta aurrera eramango dute, urrian hasi eta abendura bitartean ekintza bereziak antolatuz.

Erasmus +, Gipuzkoako Foru Aldundiko haur, nerabe eta gazteen sustapen sailak eta Aretxabaletako udalak bultzatu dute elkarlanean.