Enplegu azoka egingo dute otsailaren 13an eta 14an Arrasaten

2020/01/24

Enpresen eta langabezian daudenen topagunea izateko helburuarekin, Enplegu azoka izango da otsailaren 13an eta 14an Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan. Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziatik azaldu dutenez, enpresek eta erakundeek euren “negozio ereduak” azaltzeko baliatuko dute azoka; eta negozio eredu horiek garatzeko zein profiletako pertsonen beharra duten zehaztuko dute. Bestetik, lan bila ari diren pertsonek enpresen aurrean euren hautagaitza eta profila azaltzeko aukera izango dute.

Azokaz gain, hainbat ekintza egingo dituzte. Otsailaren 3an (Oñati), 4an (Bergara) eta 5ean (Arrasate) hiru tailer eskainiko dituzte norberaren burua enpresen aurrean nola aurkeztu ikasteko. Bertan izena emateko Mankomunitatera deitu behar da.

Informazio gehiago www.debagoiena.eus/enpleguazoka webgunean.