Energia trantsizioaren inguruko testuingurua kokatuz abiatu da Herritarren Batzarra
Lehenengo saioan, elkar ezagutu eta taldearen dinamika ulertzeaz gain, proposatu zaien dilemaren testuingurua kokatzen hasi dira, mundu mailako egoera eta erronkak jorratuz. Lehenengo ponentzia Elisa Saiz de Murietak egin du, Klima Aldaketaren Basque Centre for Climate Change (BC3) ikertzaile elkartua da bera eta Geologia Zientzietan doktorea, EHUtik. Klima-aldaketaren dilema testuinguruan jartzea, klima-aldaketaren ingurumen, sozioekonomia eta etika alderdiak ikuspegi integral eta sistemiko batetik aztertzea eta egoeraren erantzukizuna ikuspegi antropogeniko batetik ulertzea izan ditu helburu, baita gure bizitzetan duten eragina eta ondorioak ere.
Ondoren, trantsizio ekosozialago baten barruan, bi ikuspegi ezagutzeko aukera izan dute: Batetik, Luis Gonzalez Reyes, Kimika Zientzietan lizentziatua, Ecologistas en Acción-eko kidea eta Garúa S. Coop. Mad.-eko bazkidea; bestetik, Emilio Santiago Muiño, klima antropologoa, Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nazionaleko (CSIC) kidea eta Gizarte Antropologian doktorea.
Bizimodu jasangarrietarako trantsizioa prozesu sistemiko gisa aurkeztuz, trantsizio ekosoziala zer den azaldu dute. Energia-trantsizioa prozesu zabalago honen barruan kokatu eta energia-trantsizioa sustatzeko dauden ikuspegiak aurkeztu dituzte, garatu beharreko politikak eta bideak zehaztuz, eta aukerak eta mugak deskribatuz.
Energia Trantsiziorako Planen eta haien ildo estrategien azterketa azaldu du gero Iñaki Boveda Uriarte ingenieriak, EVE-EEE Energiaren Euskadiko Erakundean Energia Plangintza eta erregulaziorako zuzendariak. Debagoienari eragiten dioten eskualdez gaindiko betebeharren identifikazioa eta deskribapena egin du. Izan ere, plan horiek gomendioak eta jarraibideak dituzte kasu batzuetan, eta beste batzuetan, betetze-aginduak dira (lege-indarra dute).
Testuingurua kokatzen bukatzeko, eskualdeko energiaren egoeraren diagnostikoa egin du Eduardo Mierak, Tecnaliako Energia eta Ingurumen Dibisioko proiektu kudeatzaileak. Mierak Ekonomia eta Enpresa Administrazioko lizentziatura du EHUn eta Nazioarteko Merkataritzan masterra. Gaurkoan eskualdeko energia-egoera ulertzen laguntzen duten adierazleak aurkeztu ditu: kontsumoa eta isuriak, etorkizuneko energia sortzeko gaitasuna eta energia- mendekotasuna.
Informazio guztia jasota, herritarrak lanean jarri dira, eguneko uztaren inguruko sintesiak eta ikasketa gakoak identifikatuz. Entzundako ideietatik garrantzitsuak izan daitezkeen lehen ideiak identifikatu eta bildu dituzte dinamika ezberdinen bitartez.
Hurrengo saioa urriaren 25ean izango da.
Informazio gehiago: argitzen.eus