EKAINAK 28, LGTBIAQ+ komunitatearen harrotasun eguna
Urtero, gaurko egunez Stonewall-eko istiluak ekartzen ditugu gogora. Duela 56 urte Stonewall Inn tabernan polizia-sarekada egon zen LGTBIAQ+ kolektiboaren aurka, eta, horien ondorioz, istilu handiak hasi ziren. Hori izan zen Harrotasun Egunaren hasiera, LGTBIAQ+ kolektiboa babestu eta haien eskubideak defendatzeko aldarria egin baitzen. Horregatik, Aretxabaletako Udalak gogora ekarri nahi ditu eskubideak lortzeko bidean bizia galdu zutenak eta aktibismoari denbora eta izerdia eskaini zizkiotenak. Izan ere, azken urteetan aurrerapauso ugari eman diren arren, asko dago egiteko oraindik, beraz, aldarrikatzen jarraitu beharreko eguna da.
Horrekin batera, aipatu beharra dago LGTBIAQ+ kolektiboaren baitan dagoen aniztasuna; pertsona transak, asexualak, ez bitarrak… ere erdigunean jarri behar dira, kolektiboko pertsona batzuk soilik ordezkatzen dituzten diskurtsoak alde batera utziz.
Aurretik aipatutakoari jarraiki, Aretxabaletako Udalak honako konpromisoak hartzen ditu:
- LGTBIAQ+ kolektiboarentzat ingurune seguruak eta diskriminaziorik gabekoak sustatzea.
- Aniztasun eta inklusiorako udal barneko eta kanpoko politikak sustatzea.
- Herritarrak heztea eta sentsibilizatzea kolektiboaren inguruko aurreiritziak eta estereotipoak desagerrarazteko.
- LGBTIQ+ eskubideak defendatzen dituzten erakunde eta kolektiboekin batera lan egiten jarraitzea.
Horien xedea Aretxabaleta berdinzaleago eta bizigarriago bat lortzea da, non ez den indarkeriarik ematen. Honen harira, gogora ekarri nahi dugu Atxabalta Harro elkarteak jasandako erasoa, eta irmoki adierazi nahi dugu ez dugula eraso LGTBI+foborik onartzen. Era berean, elkartasun guztia helarazi nahi diegu elkarteko kideei.
Horregatik, esandako guztiarekin bat eginez, bizilagunok gonbidatzen zaituztegu herrian antolatutako ekintzetan parte hartzera, denok batera kolektiboko pertsonen eskubideen aldeko aldarria egiteko eta jendarte parekideagoa zein justuagoa sortzeko