Ekainak 28, LGTBIAQ+ kolektiboaren askapenaren eta harrotasunaren nazioarteko eguna

2026/06/24

Azken urteotan sexu- eta genero-aniztasunaren onarpena handitu egin da, eta aurrerapen hori hainbat pertsona, elkarte, erakunde, kolektibo eta erakunderen etengabeko lan konprometitu eta borroka nekaezinari esker lortu da.

Badakigu lortutako eskubideak hauskorrak direla, ordea, eta oso erraza dela horiek galtzea eta atzera egitea. Egungo testuinguruak agerian uzten ditu eraso LGTBI+fobikoen datuen gorakada, diskurtso patologizatzaileen ugaritzea eta, ondorioz, LGTBIAQ+ persona askok oraindik diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeria egoerei aurre egin behar dietela.

Ekainaren 28a ez da oroitzapenezko eta ospakizunerako data bat soilik, ekintzarako deia baizik. LGTBIAQ+ eskubideen aldeko borroka herritar guztion erantzukizuna da. Gorrotoa eta intolerantzia ez ditugu onartuko. Horregatik, herritar guztiak ausardiaz jokatzera, gorroto diskurtsoen aurrean isilik ez egotera eta edozein indarkeria, diskriminazio edo eskubide-urraketa salatzera animatzen ditugu. Babes-keinu bakoitza, ikusgarritasun-ekintza bakoitza, LGTBIAQ+ eskubideen aldeko hitz bakoitza ezinbesteko pausua da lortutako lorpenak sendotzeko eta aurrera egiten jarraitzeko.

Maiatzaren 17ko adierazpen instituzionalean esan bezala, Aretxabaletako Udalak konpromisoa berresten du LGTBIAQ+ pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, eskubideak bermatzeko eta pertsona guztientzako bidezkoagoa, anitzagoa eta bizigarriagoa izango den herria sustatzeko politika publiko eraginkorrak diseinatu eta bultzatzeko.

Horrez gain, Aretxabaletako Udalak erabateko berdintasuna, duintasuna eta sexu eta/edo genero identitatea askatasunez garatzeko eskubidearen defentsa garbia egiten du.

Horregatik, Aretxabaletako Udalak maiatzaren 17ko adierazpen instituzionalean hartutako konpromisoak berresten ditu:

  • Iaz landutako Aretxabaletako LGTBIAQ+ diagnostikoa abiapuntu hartuta, ekintza-plan bat sortu eta gauzatuko du.
  • Udal teknikariak sexu-orientazio eta genero-identitate anitzen gaietan trebatuko ditu.
  • Herriko eragileekin elkarlanean, sexu-orientazio eta genero-identitate anitzak ikustarazteko ekintzak antolatuko ditu.
  • Herrian LGTBIAQ+ pertsonen aurkako indarkeria prebenitu eta indarkeria egoerei aurre egingo die

Ekainean Aretxabaletan antolatutako sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekintzetara gonbidatzen ditugu atxabaltarrak; esate baterako, ekainaren 27an Atxabalta Harro egunera, ekainaren 28an izango den manifestaziora edo “Harro erakusketara”, ekainean (TRIL Atxabaltako Txoko Feministan) eta uztailean (Arkupen) ikusgai egongo dena. Funtsezkoa da harrotasunez kalera irtetzea argi adierazteko LGTBIAQ+ eskubideen aldeko borroka bizitzaren, persona guztien eskubideen eta duintasunaren, berdintasunaren eta askatasunaren aldeko borroka dela. Animatu herriko hainbat guneetan eskuragarri jarri ditugun eskumuturrekoak janztera.