Domu Santu Egunerako neurri bereziak hartu ditu Udalak

2020/10/28

. Edukiera 64 pertsonara mugatuko da, eta gehienez 30 minutuko egonaldiak egitea gomendatzen da

. Kanposanturako sarrera eta irteera antolatuko dira

 

Hurbileko hildakoak gogoratzeko eguna izango da datorren igandea. Aurten, Covid-19ak sortutako egoeraren ondorioz, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako arauen arabera, Aretxabaletako Udalak neurri berezi batzuk hartu ditu koronabirusaren transmisio arriskua murrizteko. Domu Santu Egunaren inguruan, kanposantuak bisita gehiago jasoko ditu datozen egunetan.

 

Hala, hilerriaren edukiera 64 pertsonatara mugatuko da eta egonaldiak 30 minututik gorakoak ez izatea gomendatzen da pilaketak saihesteko. Era berean, gutxienez 1,5 metroko distantzia fisikoa mantendu beharko da gainerako bisitariekin. Hilerrira sartzeko eta irteteko zirkulazioa antolatuko da: sarrera nagusiko eskaileretatik sartuko da barrura eta irteera atzeko atetik izango da. Mugikortasun murriztua duten pertsonak azken horretatik sartu ahal izango dira.

 

Pandemiaren prebentziorako neurriak gogorarazteko informazio kartelak ere jarriko dira, eta maskara nahitaez erabili beharko da. Neurri higienikoei dagokienez, kanposanturako sarbidean gel hidroalkoholikoa egongo da eskuak desinfektatzeko. Pitxerrak betetzeko edo beste erabilera batzuetarako ura behar izanez gero, etxetik eramatea gomendatzen da, hilerriko iturriak erabili gabe.

 

Bisitak azaroaren 1era bakarrik ez mugatzea eta edozein ordutegitan joatea eskatu du Udalak, jendea pilatu ez dadin.