Debagoieneko udal euskaltegiek ikasturte berriko eskaintza eta Euskara Bonuaren zein udal laguntzen abantailak aurkeztu dituzte
Debagoieneko udal euskaltegiek eta eskualdeko udal ordezkariek agerraldia egin dute 2026-2027 ikasturte berrirako ikaskuntza-eskaintza, udalen dirulaguntza sistemak eta HABEk –Eusko Jaurlaritzak– abiatutako Euskara Bonua herritarrei azaltzeko. “Euskara ikasi, hobetu edo erabili nahi duen herritarrak aukerak eta laguntzak ditu eskura, eta, bide horretan, ez da bakarrik arituko”, azaldu dute udal ordezkariek.
Prentsaurrekoan, eskualdeko lau udal euskaltegietako zuzendariak eta arduradun politikoak izan dira: Joseba Ezpeleta (Arrasateko euskara batzordeburua), Edorta Zubizarreta (Leintz Udal Euskaltegiko lehendakaria eta Eskoriatzako alkatea), Iñaki Olalde (Oñatiko euskara batzordeburua) eta Eider Usobiaga (Bergarako euskara batzordeburua).
Euskara ikasteko eskaintza zabala eskualde osoan
Debagoieneko udal euskaltegiak eskualdeko bost herritan daude: Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arrasaten, Oñatin eta Bergaran. Herritar bakoitzaren helburuei, ikasteko moduei eta egoera pertsonalari erantzuteko asmoz, ikastaroak hiru ikastaro mota eskaintzen dituzte: aurrez aurreko taldeak, online ikastaroak eta formatu mistoak.
Ordutegi aukera zabala dute, goizean goizetik hasi eta iluntzera arteko txandekin. Horrez gain, eskualdean astean lau, hiru zein bi eguneko ikaskuntza-erritmoak aurki daitezke.
Helburuei dagokienez, euskarako tituluak lortzeko taldeez gain, maila hobetu nahi dutenei, giro euskaldunean integratu nahi dutenei zein lehen urratsak eman nahi dituztenei bideratutako ikastaroak ere izaten dituzte.
Udalen beka-sistema eta HABEren babesa
Euskaltegiak zerbitzu publikoa izan arren matrikula ordaindu behar dela gogorarazi dute, baina udal bakoitzak bere hobari eta beka-sistemak dituela ikasleen zama ekonomikoa arintzeko. Besteak beste, langabetuentzako laguntzak, diru-sarreren araberako tarifak edota bermatrikula zein asistentzia saritzeko neurriak dituzte. Ikasturte amaieran, berriz, ordaindutakoaren zati bat itzultzen dute baldintza jakin batzuk betez gero. Bestalde, HABEk ere matrikularen kostu osoa edo zati bat itzultzen die maila gaintzen dutenei.
EUSKARA BONUA: ikasturteko berrikuntza nagusia
2026-2027 ikasturteko berritasun azpimarragarriena Eusko Jaurlaritzak HABEren bidez bultzatutako Euskara Bonua da, beheko mailetan euskara ikasten hasten direnei laguntza nabarmena ematea helburu duena. Bonu hau nagusiki A1eko eta A2ko ikasleei zuzenduta dago (baita iaz laguntza jaso zutenei ere); B1 mailari dagokionez, berriz, lehen erdia (B1A2) hartzen du bere gain.
Euskara Bonuaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira:
- Finantzatutako orduak eta epea. Ikaslearen abiapuntua (hasierako maila) kontuan hartuta, eskola-ordu kopuru bat eta orduok jasotzeko epe bat izango du ikasle bakoitzak, nork berea. Adibidez, hasiera-hasierako ikasle batek 720 eskola-orduko bonua izango du gehienez ere lau ikasturtetan erabiltzeko; A2 maila duen ikasle batek, berriz, 200 eskola-ordu izango ditu finantzatuta 2026-2027 ikasturterako.
- Baldintza ekonomikoak. Lehen ikasturtean ikasleak gehienez ere 120 euro ordainduko ditu matrikulatzeagatik, eta hortik aurrera ez du ezer ordainduko bonuko orduak agortu arte. Iaz A1 edo A2ko dirulaguntza jaso zutenek, baina, ez dute ezer ordaindu beharko.
- Eskaera eta baldintzak. Bonua ikastaroaren hasieran eskatu beharko da euskaltegian, bertan inprimakia beteta. Ikasle bakoitzak behin bakarrik eskatu ahalko du, eta ezingo du ez eten ezta erabilera-epea luzatu ere.
