Debagoieneko eremu eta sektore ezberdinetan energia trantsizioak dituen aukera, eragin eremu eta ondorioak aztergai, Herritarren Batzarreko bigarren saioan

2025/11/11
Argitzen deliberazio prozesuaren Herritarren Batzarreko 50 herritarrek energia trantsizioaren inguruko ikuspegia aberasten jarraitzeko bigarren saioa izan dute Bergaran.

Goizean zehar, energiaren kontsumoa murriztea gaitzat hartuta, eragin eremuak, aukerak eta ondorioak izan dituzte aztergai. Energia-kontsumoa murrizteko aukerak aztertu dituzte, kontsumoa eta isuriak murriztu ditzaketen sektoreak identifikatuz, har daitezkeen neurriak zehaztuz eta hartutako erabakien ondorioak edo inpaktuak identifikatuz. Horretarako, hiru eragin-eremu nagusi jorratu dira: industria, mugikortasuna eta hiriguneak (energia-kontsumo eta isuri maila altuak dituztenak).

Ponentziei dagokienean, industriaren arloaz Luis Mir arduratu da, Automatika eta Elektronika Industriala ikasketaduna Mondragon Unibertsitatean eta gaur egun Ikerlan-eko Zuzendaritza batzordeko kidea, Merkatu eta Proiektuen Zuzendari gisa. BIDEOA

Mugikortasunaren gaia Igor Villarealek jorratu du, MUBIL Fundazioko zuzendariak. Kimikan lizentziatua da eta bere ibilbide profesionala Ikerlan teknologia zentroan garatu du. BIDEOA

Bloke honekin bukatzeko, Sara Velazquez arkitektoak hirigunearen gaia jorratu du. VAarquitectos-eko bazkidea izan da 21 urtez eta etxe pasiboen diseinatzailea, Breeam aholkularia eta 700 energia-kontsumoko etxebizitza baino gehiagoren diseinatzailekidea da. BIDEOA

Arratsaldean, energia berriztagarrien garapenean sakontzeko aukera izan dute.

Batetik, Lurralde plangintzak energia berriztagarrien hedapenean duen garrantziaz aritu da Maite Uriarte Ricote, EHUn Administrazio Zuzenbidean doktorea eta EHUko irakasle titularra. Bere ikerketa ildo nagusien artean daude Ingurumen Zuzenbidea, Lurralde Antolamendu Zuzenbidea, Hirigintza Zuzenbidea, Administrazio Publikoaren Erantzukizuna eta Administrazio Bitartekaritza. Berak azaldu du energia berriztagarrien instalazioak zabaltzerakoan, ezinbestekoa dela lurralde-eremu bakoitzaren mugak, funtzioak eta aukerak ulertzea eta lurralde plangintza integratuaren ikuspegitik garatu behar diren erabilera desberdinak kontuan hartzea (lehen sektorea, biodibertsitatea, ura, klima-aldaketara egokitzea eta arintzea…). BIDEOA

Ondoren, Debagoienaren berriztagarrien garapenerako potentziala eta baldintza-eraginak aztertu dituzte Unai Paskualekin. Ingurumen Ekonomian doktorea da eta BC3-ko Klima Aldaketaren Basque Center-eko Klima eta Ingurune Naturalaren ikerketa lerroa zuzentzen du. Debagoienean energia berriztagarrietarako dauden aukerak aurkeztu ditu eta haien eraginak ikuspegi ekonomiko, sozial eta ingurumeneko batetik aztertu ditu. Kontsumoa murrizteko ekintzez gain, deskarbonizazioa lortzeko, beharrezkoa delako energia berriztagarrien bidez sortzea. BIDEOA

Eskualdeko mahai sektorial ezberdinek esateko dutena entzuteko aukera izan da gero. Industria, Landa-eremua eta Gizarte Bazterkeria sektoreetako eragileek euren ikuspegia azaldu dute, hainbat galderari erantzuteko prestatutako mahainguruan: Nola kokatzen dira sektore eta eremu sozioekonomikoak energia-trantsizioaren aurrean? Zein eszenatoki ezarri beharko lirateke haien beharrak eta lurraldearen beharrak asetzeko? Zeintzuk dira egoera horiek gertatzeko baldintzak edo inguruabarrak (baliabideak, aldaketak…)? Xixili Egiguren, Cristina Etxegoien eta Josebe Blanco izan dira mahai sektorial horien ordezkari. BIDEOA

Bukatzeko, Debagoieneko gizarte-ehunaren eraldaketarako aukerak sortzeko eta lankidetzarako gaitasuna aztertu dituzte. Miren Larreak hartu du hitza. Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua eta Ekonomian doktorea da Deustuko Unibertsitatean. Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea da. Eskualdeko eragileen eta gizarte zibilaren ekosistema aurkeztu du, energia-trantsizioa sustatzeko dauden gaitasunetan eta erronketan arreta jarriz. BIDEOA

Saio honekin amaitutzat eman dute informazio jasoketa fasea. Behin afera eta har litezkeen norabide posibleak ondo ulertu ondoren, hurrengo saioetan gogoeta partekatua egingo dute, azkenengo saioan gomendio-sorta adostu batera iristeko.