Debagoienean energia kontsumoa murrizteko eta berriztagarriak garatzeko Herritarren Batzarrak osatutako gomendio-sortari erantzun diote

2026/07/10
Azaroaren 29an hamaika gomendio biltzen dituen dokumentua aurkeztu zion 50 herritarrez osatutako batzarrak Argitzen deliberazio prozesua sustatu duen 18 eragilek osatutako Mandatu Organoari*. Sei hilabete iraun duen deliberazio prozesu berri baten ondoren, Mandatu Organoko kideek erantzun formala eman diote banaka-banaka gomendio bakoitzari, hauen garapenerako konpromisoak hartuz.

Urriaren 18an jarri zen martxan Argitzen deliberazio prozesuaren erdigunean dagoen Herritarren Batzarra. Bost saiotan zehar, eskualdeko 50 kidek energia trantsizioaren inguruko informazioa jaso zuten hainbat adituren eskutik, ondoren galdera honi erantzun ahal izateko:

“Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako?”

Herritarren Batzarra amaitzean, honako gomendioak egin zizkioten Mandatu Organoari:

  1. Instalazio fotovoltaikoen kudeaketarako zerbitzu publiko integrala ematea.
  2. Instalazio fotovoltaikoen sustapena.
  3. Energia berriztagarrien azpiegiturak aztertzea herritarren iritzi eta ekarpenak erdigunean dituzten prozesuen bidez.
  4. Eraikinak (publikoak zein pribatuak) energia eraginkortasun handiagorantz eraldatzea.
  5. CO2 isuriak murriztea garraio publikoan.
  6. Debagoieneko autoaren mugikortasun alternatiborako sarea sortzea eta ibilgailu publikoen elektrifikazioa lortzea.
  7. Neutraltasun energetikoa industrian.
  8. Prestakuntzarako eta kontzientzia-hartzeko hezkuntza metodoak.
  9. Tokiko produktuen kontsumoa bultzatzea eta zabaltzea.
  10. Informazioa komunikabideen bidez.
  11. Hiri aterpe klimatikoak sortu.

Mandatu Organoko kideek gaurko saioan azaldu duten moduan, gomendio guztiak ekarpenekin onartzea erabaki dute; alegia, aldaketa teknikoak, izan epeetan zein zehaztapenetan, txertatu dira guztietan bideragarriagoak edo osoagoak izan daitezen. Txosten honetan jasotzen dira xehetasun guztiak.

Hartutako konpromisoak konpromiso instituzional gisa ulertu behar dira eta, kasu bakoitzean, konpromisoa gauzatzeko arduraduna izendatu da. Hartutako konpromiso hauei jarraipena egingo zaie 2027ko lehen seihilekoan; orduan, Herritarren Batzarrari egindako urratsen berri emango zaio.