Debagoiena Ehuntzen proiektuak bakardadeari aurre egiteko ekintzak iragarri ditu, kuantifikatu ostean inkestetan parte hartutako lau pertsonatik batek bakardadea sentitzen duela

2025/12/10
  • Debagoienean burututako ikestek diote parte-hartzaileen % 26k askotan edo beti bakarrik sentitzen dela; 65 urtetik gorakoen artean, portzentajea % 22 da. Eta %75,1ek badu bakardade emozionalaren adierazleren bat.
  • Urtarrila eta otsailerako hitzaldi zikloa eta esperientzien topaketak iragarri dituzte Debagoiena Ehuntzen egitasmotik.

Gaur egungo gizarte-testuinguruan gertatzen ari diren aldaketa sakonek eragin nabarmena izan dute harremanetan, eta azken urteetan gizarteak diskurtso publikoan bakardadearen gaia txertatzeko beharra azaleratu da. Testuinguru horrek argi uzten du gizarte kohesionatuago bat eraikitzeko premia, bakardadea esperientzia subjektibo gisa modu murritzagoan senti dadin. Bakardadeak osasunean eta ongizatean duen eraginagatik, hainbat administrazio publikok euren estrategien erdigunean jarri dute gaia. Testuinguru horretan, Debagoieneko Mankomunitatea osatzen duten Udalek Debagoiena Ehuntzen proiektua aurkeztu zuten udan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Hariak” estrategiaren (2022–2026) aterkipean sortutako eskualde mailako egitasmoa.

Estrategia hori lurraldeko tokiko zaintza-ekosistemetan integratuko diren bakardadeak prebenitzeko eta jorratzeko ereduak eraikitzera bideratuta dago, pertsonen gaitasun eta baliabide pertsonalak indartuz.

Bakardadeei ikuspegi komunitario, normalizatzaile eta estigmarik gabeko batetik heltzeko ekosistema bat

Debagoiena Ehuntzen proiektuaren helburu nagusia da eskualdeko landa- eta hiri-inguruneetara egokituko den ekosistema integral bat martxan jartzea, bakardadeak ikuspegi komunitario, inklusibo eta parte-hartzaileren bidez lantzeko. Proiektuak bakardadea fenomeno indibidual gisa ulertzetik aldenduta, erantzunkidetasun komunitarioa sustatzea du ardatz.

Orain arte, abiapuntua finkatzeko, Debagoienan adinekoen bakardadeen eta premia sozialen egoera ezagutzeko hainbat ekintza gauzatu dira. Eskualdeko udalerri guztietako — Arrasate, Bergara, Elgeta, Aretxabaleta, Antzuola, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Oñati — ordezkari tekniko eta politikoak biltzen dituen mahai bateratua sortu da, koordinazio- eta gobernantza-espazio gisa. Talde horrek une honetan bakardadeei heltzeko eskualdeko ibilbide-orria definitzen dihardu.

Hasierako diagnostikoa osatzeko, bakardadeei eta komunitatearen egiturari buruzko informazioa jasotzeko elkarrizketa kualitatiboak eta online zein paper bidezko galdetegiak jarri dira martxan.

Lehen emaitzak: bakardadearen presentzia, nazioarteko datuen parekoa

Galdetegian parte hartu duten 444 pertsonen artean jasotako datuek erakusten dute bakardadearen presentzia nazioarteko ikerketetan agertzen diren mailetan kokatzen dela. Parte-hartzaileen % 26k dio askotan edo beti bakarrik sentitzen dela; 65 urtetik gorakoen artean, portzentajea % 22 da.

Inkestak argi uzten du, halaber, bakarrik bizitzeak ez duela zertan bakardade-sentimendua determinatzen: bakarrik sentitzen diren pertsonen % 49,5 lagunduta bizi dira.

Bestalde, parte-hartzaileek emandako datuen arabera, biztanleen %15,6k gizarte-isolamendua izateko arriskua luke, laguntza-sare txikia duelako.

Bakardade emozionala eta soziala: errealitate zabaldua

Emaitzek erakusten dute bakardadeak hainbat jatorri dituela:

  • % 75,1ek badu bakardade emozionalaren adierazleren bat: hutsune- edo abandonu-sentimendua eta inguruan pertsonen faltaren pertzepzioa.
  • % 36,5ek intimitate-figurarik ez izatearekin lotutako esperientzia guztiak identifikatzen ditu.
  • % 76,3k badu gizarte-bakardadearen seinaleren bat: konfiantza osoa duen norbait ez izatea, adiskidetasun estuen falta edo beharrezko laguntza jasotzeko norengana jo ez izatea.
  • % 38,4k gizarte-bakardadearen adierazle guztiak betetzen ditu.

Datu hauek agerian uzten dute pertsonen arteko konexio-beharraren garrantzia, baita komunitatearen rolaren zentralitatea ere, gizakion ongizate emozional eta sozialean.

Hitzaldi zikloa eta esperientzien topaketak: Debagoiena Ehuntzen proiektuak hainbat ekintza aurreikusten ditu datozen hilabeteetarako. Urtarrilean, eskualdeko udalerri guztietan bakardadeei buruzko hitzaldiak antolatuko dira, Elisa Sala Mozos ikerlari eta gizarte-aholkulariaren gidaritzapean. Arrasaten, dagoeneko, azaroan egin zen hitzaldia.

  • BERGARA: URTARRILAK 19, Udaletxeko Pleno aretoan
  • ARETXABALETA: URTARRILAK 20, Karmele Igartua aretoan
  • ESKORIATZA: URTARRILAK 22, Kultur Etxean
  • ANTZUOLA: URTARRILAK 27, Olaran etxean
  • OÑATI: URTARRILAK 28, Kultur etxean
  • ELGETA: URTARRILAK 29, Espaloi Kafe Antzokia
  • LEINTZ-GATZAGA: URTARRILAK 30, Liburutegia

Otsailean, berriz, nahi ez diren bakardadeak lantzen dituzten estatuko eta nazioarteko esperientzien ezagutza-saioak egingo dira, ikuspegi eta praktika eraldatzaileak partekatzeko.