Basabeko biribilgune berrira bisita

2020/12/10

Bide Azpiegituretako diputatua, Aintzane Oiarbide, Basabeko biribilgune berriaren emaitzak ikusten ibili da gaur, Unai Elkoro alkatearekin batera. “Lotune hau herriko sarrera-irteera erabiliena da. Bost adarretako elkargunea antolatu eta hobetu dugu, segurtasun handiagoa eman diogu eta mugimenduak nabarmen erraztu dira", azpimarratu du diputatuak.

Jarduerak hartu dituzten lurzoruetan esku hartzeko bete behar diren izapideek (kasu honetan, industria-jarduerak, kutsagarriak izan daitezkeenak) biribilgune hau egiteko prozesu osoa luzatu dutela ere azaldu du Aintzane Oiarbidek. Proiektua gauzatzea atzeratu bada ere gustura agertu dira azken emaitzarekin diputatua eta alkatea.

Biribilgunea handitzeko beharrezko espazioa AZBE–ASSA ABLOYko eraikineko bulegoak eraistetik etorri da. Biribilgunearen handitzea Basabe eta Urkulu aldera doan biderantz egin da eta honen ondorioz bide honen malda handitu beharra egon da %9tik %12-13ra hasierako tartean. Lanak irailaren 25an hasi ziren eta ia 200.000 euroko aurrekontua izan dute.