Azaroaren 25eko adierazpen instituzioanala
Azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da, eta Aretxabaletako Udalak, beste behin, bere gaitzespenik irmoena azaldu nahi du indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean.
Istanbulgo hitzarmenak adierazten du «Emakumearen aurkako indarkeria» esatean, giza eskubideen urraketa eta emakumeen aurkako diskriminazioa ulertu behar direla, eta hor sartzen direla generoan oinarritutako indarkeria-ekintza guztiak, bai emakumeentzat kalte edo sufrimendu fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak dakartzatenak edo eragin ditzaketenak, eta baita ekintza horiek egiteko mehatxuak, hertsapena edo askatasuna arbitrarioki kentzea ere, bizitza publikoan nahiz pribatuan.
Aurten, komunitatean jarri nahi dugu arreta, komunitateak beste pertsona batzuekin konektatzen gaituelako, babes-loturak eta narratiba komunak sortuz. Horregatik, hain zuzen ere, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen eta problematika honi aurre egiten laguntzen du.
Hori kontuan hartuta, Aretxabaletako Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
- Komunitate feministarekin elkarlanean jarraitzea, herriko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzea eta haiekin koordinatzea, indarkeria matxistari aurre egiteko.
- Komunitate eredu berri bat sustatzea, non herritarrak, taldeak eta koadrilak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren eta erantzunkizuna hartuko duten.
- Indarkeria matxistaren koordinazio mahaian lanean jarraitzea, herriko zenbait alor bateratuz (hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak...).
- Indarkeria matxista kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.
- Sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko.
Hala ere, guztion ardura da, eguneroko zereginetatik hasiz eta gure inguru hurbilenean eraginez, apurka-apurka berdinzaleagoa den Aretxabaleta eraikitzea. Beraz, Emakumeen
Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu (hitzaldiak, kultur ekintzak, mobilizazioak...).
