Azaroak 25eko Aretxabaletako Udalaren adierazpen instituzionala Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta

2026/11/25

Indarkeria Matxista Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, herritarrak ohartarazi nahi ditugu une erabakigarri baten aurrean gaudela. Azken urteotan aurrerapausu garrantzisuak egin dira indarkeria matxistaren alorrean: berdintasuneko politika publikoak indartu egin dira EAEko udalerrietan eta, mugimendu feministak bultzatuta eta herritarrek eskatuta, indarkeria matxistarekin lotutako arau berriak onartu dira Espainiar estatuan. Une honetan indarkeria matxistari buruzko politika publikoak kolokan daude, ordea.

“Emakumeen aurkako indarkeria matxista giza eskubideen urraketa bat da, arazo soziala eta osasun publikoko arazo handia, botere-harreman ez-parekoen eta emakumeen kontrako diskriminazioaren erakusgarri argia, eta, horretaz gainera, generoaren arabera dauden desberdinkeria-egoera estrukturalak betikotzeko funtzio soziala du” (art. 54, 1/2023 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).

Espainiar estatuko datuen arabera, erregistroak daudenetik, 1.300 emakumetik gora erail dituzte euren bikotekide edo bikotekide ohiek. Hala ere, Espainiar estatuan badaude indarkeria matxista kontzeptua bera ukatzen duten alderdiak. Haien esanetan indarkeriak ez omen dauka generorik eta indarkeria oro gaitzetsi behar ei da. Ez omen dago gizonek emakumeen aurka eragindako indarkeria-mota jakin bat, izan ere “indarkeria indarkeria da, biktimaren eta erasotzailearen sexua edozein dela ere”.

Haien esanetan generoaren kontzeptua “asmakuntza ideologikoa” omen da, horregatik, genero-indarkeria kontzeptua “familia barruko indarkeria” kontzeptuagatik ordezkatu nahi dute. Genero indarkeriari buruzko lege espezifikoen ordez, familia-eremuko indarkeriaren aurkako babes-esparru bat ezartzea proposatzen dute, emakumeak, haurrak eta adinekoak berdin babesteko, sexu-bereizketarik gabe. Modu honetara, indarkeria matxistaren arazoa esfera pribatura itzularazi nahi dute, norkbere etxean konpondu beharreko gai bezala.

Horrez gain, genero-indarkeriaren 1/2004 Lege Organikoa indargabetzea defendatzen dute, errugabetasun-presuntzioaren printzipioa urratzen duelako, gizonak haien sexuagatik kriminalizatzen dituelako eta ez delako eraginkorra homizidioak murrizteko.

Gainera, genero-indarkeriari buruzko lege autonomikoak berritzeari edo eguneratzeari aurkako botoa eman edo betoak jarri dizkie alderdi horrek, puntu more eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako laguntza edo hobari batzuk ezabatzea bultzatu du eta indarkeria matxistaren aurkako kontzentrazio instituzionaletatik aldendu dira, edo indarkeria mota guztien aurkako pankarta propioak sustatu ditu.

Bestalde, abortuari dagokionez, haurdunaldia borondatez etetearen aurka dago, eta "bizitzaren aldeko eta jaiotza-tasaren aldeko politikak" defendatzen ditu. Horregatik, indarrean dauden abortuaren legeak indargabetzea eskatzen du.

Hauteskundeak gainean ditugu eta muturreko eskuin alderdiak boladan daude. Haien garaipena oztopo ikaragarria da feminismoarentzat, emakumeen eskubideentzat, berdintasun-politikentzat eta, beraz, herritar guztientzat.

Arriskua dago mugimendu feministaren eta emakumeen konkistak alferrik galtzeko; arriskua dago, emakumeen eskubideetan eta berdintasunaren arloan atzera egiteko. Arriskua dago indarkeria matxista desagertu beharrean, gehiago indartzeko.

Feminismoa tresna politiko gisa erabiltzen den garai honetan, Udalaren zereginetako bat indarkeria matxista prebenitzea eta gaiari buruz herritarrak sentsibilizatzea da. Ildo horri jarraituz, honako konpromisoak hartzen ditu Aretxabaletako Udalak:

  • Hezkuntza komunitatean eragiten jarraitzea, haur, gazte eta nerabeei zuzendutako formazioa eskainiz, egunero hainbat arlotan jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen aurkako mezu bortitzak eta berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko.
  • Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, bereziki konplizitate matxisten ingurumarietan.
  • Aretxabaletako emakume eta gizonen berdintasunerako III. Plana 2030ean «indarkeria matxistarik gabeko bizitzak» ardatzean onartutako ekintza plana garatzen jarraitzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzeko helburuarekin.
  • TRIL Atxabaltako Txoko Feministak eskaintzen dituen bitartekoetan sakontzen jarraitzea, erreferentziazko gune bihurtu dadin, ikastaro, gogoetarako espazio zein zerbitzuen bidez indarkeria pairatzen duten emakumeen hautemate, harrera eta ahalduntzerako.
  • Indarkeria gaien lanketan herriko mugimendu feministarekin elkarlanean jardutea.
  • Genero-indarkeriaren aurka eta emakumeen eskubideen alde dugun konpromiso irmoa berrestea, edozein motatako indarkeria matxistari aurre eginez.

Udalak atxabaltar guztiei bi deia egiten die: batetik, azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izanik, herriko plazan 18:30ean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko; bestetik, azaroaren 29ko hauteskundeetan bozkatzeko, arduraz jokatzeko eta berdintasunaren alde egiteko. Asko dago jokoan.