Autismoaren espektroaren nahasmendua duten pertsonen errealitatea hurbilduko du apirilaren 20an egingo den hitzaldiak

2023/04/14
. AEN duten pertsonek, senideek eta profesionalek autismoaren ikuspegi ezberdinak eskainiko dituzte Arkupen izango den ekitaldian.

Autismoaren errealitatea izango da apirilaren 20an Arkupeko Zaraia aretoan egingo den hitzaldiaren ardatza, nahasmendu hori duten pertsonen, haien senideen eta haiekin lan egiten duten profesionalen ikuspegitik.

Hitzaldian Autismoaren Espektroaren Nahasmenduari (AEN) buruzko hainbat ikuspegi eskainiko dira, familiei laguntza emateko, sentsibilizatzeko eta afekzio neurologiko hori duten pertsonen gizarteratzea errazteko.

Haien esperientziez, bizipenez, emozio eta gizarte arloko zailtasunez… hitz egingo dute espektro autistaren barruko nahasmenduetako bat duten herritarrek, familiakoek eta adituek. Hitzaldia 18:00etan hasiko da. Elebitan izango da, aldi bereko itzulpen zerbitzuarekin. Ekitaldiaren ondoren pintxo dastaketa izango da.

Aretxabaletako autismoaren espektroaren nahasmendua diagnostikatuta duten pertsonen senideek antolatu dute ekintza hau, Gautena elkartearen, Esan Logopedia Zentroaren, HoDARI zerbitzuaren, Arizmendi ikastolaren eta Udalaren laguntzarekin.