Atxagazte gaztelekuak ikasturte berriari ekingo dio asteburu honetan
12 eta 16 urte bitarteko nerabeei zuzendutako udal zerbitzuak ateak zabalduko ditu berriro ere, ikasturte berriari ongietorria emateko hainbat jarduerarekin.
Atxagazte Gaztelekuak ikasturte berriari emango dio hasiera asteburu honetan. Santa Krutz kalean kokatutako udal zerbitzu hau 12 eta 16 urte bitarteko nerabeei zuzenduta dago, eta gazteei aisialdirako, harremanetarako eta garapen pertsonalerako espazio segurua eskaintzen die.
Gaztelekua zerbitzu hezitzailea da, eta aisialdiaz gozatzeko aukera emateaz gain, hainbat balio lantzen dira bertan, hala nola parte-hartzea, prebentzioa, euskararen erabilera eta hezkidetza. Adin eta ikastetxe desberdinetako nerabeen topagunea da, batzuetan ekintzak antolatzen dituena eta beste batzuetan egoteko leku bat eskaintzen duena, nerabe guztientzat irekia den doako zerbitzua da.
Atxagazte Gaztelekua ostegunetik igandera dago zabalik urtean zehar, ikasleen oporraldietan zerbitzua luzatu egiten da . Hona hemen, ohiko asteburuetako ordutegia:
- Ostegunak: 17:00etatik 19:30era
- Ostiralak: 17:00etatik 21:00etara
- Larunbatak: 17:00etatik 21:00etara
- Igandeak: 17:00etatik 20:30era
Irekiera ospakizuna
Ikasturte berriari ongietorria emateko, hainbat ekintza berezi antolatu dituzte irailean zehar. Irailaren 10ean arratsaldeko 17:00tik aurrera, aurreko ikasturteko erabiltzaileekin elkartzeko eta ikasturteari hasiera emateko aprobetxatuko dute hezitzaileek..
Bestalde, irailaren 11n eta 18an DBH1 mailako ikasleei zuzendutako saio bereziak eskainiko dira. Lehenengo egunean, gaztelekua lehen aldiz ezagutzera hurbiltzen diren gazteekin zerbitzua aurkeztu eta merendola bat egingo dute, esaterako.
San Migel jaien atarian ere ekitaldi bereziak izango dira. Irailaren 24an talo tailerra egingo da gaztelekuan, eta irailaren 25ean kuadrillen arteko jokoak antolatuko dira, gazteen arteko harremanak eta giro ona sustatzeko helburuarekin.
Gurasoei zuzendutako bilera
Zerbitzua familiei gerturatzeko asmoz, DBH1 eta DBH2ko ikasleen gurasoei zuzendutako bilera egingo da irailaren 22an, arratsaldeko 18:30etan gaztelekuan bertan. Bileran zerbitzuaren aurkezpena egingo da eta instalazioak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Atxagazte Gaztelekuak nerabe guztiei gonbita luzatu die ikasturte berri honetan parte hartzera eta euren aisialdia modu osasungarri, parte-hartzaile eta hezitzailean bizitzera.
