ASE Autonomia sustatzeko espazioaren irekiera, adineko herritar ororentzat
Aretxabaletako Udal Gobernuak hainbat proiektu ditu adineko pertsonei zuzenduta. Zentzu horretan, Aretxabaletako Zaintza Ekosistema edo estrategia eraikitzen ari gara eta ildo horretan hainbat dira egindako aurrera pausuak. Horretaz gain, Debagoiena Ehunduz ere badugu esku artean, hautatu gabeko bakardadea eta bere eraginak lausotzera zuzendutako proiektua.
Testuinguru honetan, hilabete batzuk martxan daramatzan eta goizetan narriadura kognitibo eta fisikoa gutxitzea helburu duen udal zerbitzua eskaintzen den, Autonomia Sustatzeko Espazioa, abenduaren 10ean, adinekoa den herritar ororentzat zabalduko da arratsaldeetan.
Helburua bertan Aretxabaletako adineko pertsonen arteko elkarrekintza sustatzea izango da eta espazio goxo eta eroso bat eskaintzea herriko nagusiei.
Espazioa bera, arratsaldeko 16:00tatik aurrera egongo da irekita (jadanik ekintza konkretuetara bideratutako asteko une batzuetan ezik) eta bertan egoteko edo mahai jolasetan aritzeko (kartak edo bestelakoak) espazioa dago eta baita telebista eta sofaz hornitutako espazioa ere.
Sarreran egongo dira, egutegi eta ordutegia eta espazioa erabiltzeko zein txukun mantentzeko jarraitzea beharrezkoak izango diren irizpideak. Bertaratuko direnei, espazioa zaintzeko eskatzen diegu, batetik, bertan goizean zehar eskaintzen den zerbitzu publikoa, berme guztiekin aurrera eraman ahal izateko eta bestetik, adinekoentzat beti erabilgarri egon dadin.
Hori horrela izanik, Aretxabaletako Udaletik adineko herritar oro gonbidatu nahiko genuke espazio hau behar edo nahi duen heinean erabiltzeko.
