Artisautza eta nekazaritza ekologikoaren hogeita hamar postuk jantziko dute Sanmigeletako azoka

2021/09/16
Formatu egokituan, erakustokiak Durana eta Mitarte kaleetan jarriko dira, eta berrikuntza gisa, baita Iralabarri plazatxoaren azpian ere. Aizkolariek eta harrijasotzaileek girotuko dute, ohi bezala, igandeko eguna.

Pandemiak iaz eragindako geldialdiaren ondoren, Sanmigeletako azoka berreskuratuko da aurten formatu egokituan. Eszenatoki berriak gehitu dira, postuen arteko distantzia eta pandemiari aurre egiteko gainerako prebentzio neurriak bermatzeko. Durana eta Mitarte kaleek eta, berrikuntza gisa Iralabarrik (plazatxoaren azpian), artisautza eta nekazaritza ekologikoaren azoketako 30 erakustoki jasoko dituzte. Feria irailaren 25ean izango da 10:00etatik 14:00etara.

San Migel kulturala izeneko programa Unai Elkoro alkateak, Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak eta Inma Miguel teknikariak aurkeztu dute. Ariane Unanue erlezainak ere parte hartu du ekitaldian.

Aipatutako kaleak izango dira, beraz, artisau erara egindako artikuluen erakusketa zabal eta askotarikoaren erakusleiho. Pintura, bitxiak, ehungintza, ilerako osagarriak, kakorratza, eztia… egongo dira ikusgai eta salgai eskualdeko artisauak, batez ere Aretxabaleta eta Arrasatekoak, bilduko dituzten hamalau postuetan. Bestalde, Biolur elkartearekin batera antolatzen den nekazaritza ekologikoaren azokak hogei bat erakustoki jarriko ditu: barazkiak, frutak, gazta, marmelada, arropa ekologikoa…

Feriaren egitarauari txistulariek egingo duten dianarekin emango zaio hasiera, 10:00etan. Tril Emakume Taldeak prestatutako taloak dastatzeko aukera ere egongo da Herriko plazan. Gainera, Lekaixokak antolatuta, Balkoitik balkoira bertso saioak giroa jartzen lagunduko du, Beñat Gaztelumendi eta Etxahun Elortza bertsolariekin (Udaletxe zaharra, 13:00etatik aurrera).

Kantu herrikoiak eta herri kirolak

Azoka izango da irailaren 25eko egunaren ardatz nagusia. Hala ere, arratsaldean, Anoetatik etorritako bost musikari buru dituen Iratzar kantari taldeak euskal kantu herrikoien errepertorioaz osatutako emanaldia eskainiko du Herriko plazan (19:30ean). Bestalde, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeek paintballaz gozatu ahal izango dute Ibarrako berdegunean (16:30etik aurrera).

Igandean, ohi bezala, herri kirolak izango dira nagusi, Hodei Ezpeleta, Xabier Zaldua, Andoni Izeta eta Bihurri aizkolarien eskutik. Hodei eta Jakes Iruretagoiena, eta Lierni Osa harrijasotzaileek, eta Karlos Aretxabaletak, azken hau Iparraldeko jokuekin, ere parte hartuko dute Herriko plazan egingo den erakustaldian. Herri kirolek hartuko duten lekua mugatu egingo da eta ikusleak eserita egongo dira (13:00etan hasita).