Arratoien aurkako tratamendua
Arratoien kontrolari dagokionez, udalak herri osoan jarraipena egiten duen enpresa espezializatu bat dauka kontratatuta, eta modu jarraituan tratamenduak egiten dira udalerri osoan.
Horrez gain, herritarren kexak edo arratoiak ikusi diren lekuen inguruko abisuak jasotzen direnean, informazio hori enpresari helarazten zaio eta beharrezkoa denean errefortzuko tratamendu puntualak egiten dira.
Une honetan, horretarako garai egokia dela aprobetxatuz, udalak herri osoan errefortzu handiko tratamendu orokor bat egitea erabaki du. Kanpaina bereziki erreka inguruan indartu bada ere, auzo guztietan egin dira esku-hartzeak. Tratamendu intentsibo honetan hainbat produktu eta osagai kimiko erabili dira eraginkortasun handiagoa lortzeko, eta espero da datozen bi asteetan emaitzak nabarmen ikusten hastea.
Halaber, enpresa espezializatuak jakinarazi digun bezala, tratamendu mota hauek egiten direnean ohikoa izan daiteke lehenengo astean edo hamar egunetan arratoi batzuk noraezean edo desorientatuta ibiltzea, pozoiaren efektuaren ondorioz. Horregatik, baliteke egun hauetan arratoi gehiago kalean edo ageriago ikustea. Egoera hori tratamendu-prozesuaren parte da eta behin-behinekoa izatea espero da.
Herritarrei abisatu nahi diegu egoera honetaz eta ulermenagatik eskerrak eman nahi dizkiegu.
