Arkupeko eguzki plaken instalazioa amaituta, Kurtzebarri eskolako lanekin hasiko dira
Arkupe Kultur Etxeko eguzki plaken instalazioa amaitu da, eta orain Kurtzebarri eskolako teilatuan hasiko dira eguzki plakak jartzen. Bi eraikinetan egindako inbertsioarekin, udalak urrats sendoa eman du energia berriztagarrien ekoizpena handitzeko eta kontsumo energetikoa modu jasangarrian asetzeko bidean.
Arkupeko instalazioak 60 kW-eko potentzia izango du, urtean 62.000 kWh inguru sortuko ditu eta kultur etxearen kontsumo osoaren %30 estaliko du. Proiektu honek berebiziko garrantzia dauka, izan ere, iaz berokuntza-sistema aerotermiara egokitu zenetik, Arkupeko energia-kontsumo guztia elektrikoa da. Ondorioz, erregai fosilen erabilera ez da beharrezkoa izango eta kontsumitutako energiaren heren bat bertan sortuko da.
Bestalde, Kurtzebarri eskolako teilatuan egingo den instalazioak 88 kW-eko potentzia izango du. Aurreikuspenen arabera, sortutako energia eskolaren kontsumo elektrikoaren %120 estaltzera iritsiko da, hau da, bere beharrak baino gehiago sortuko ditu.
Udalak argi adierazi du bere estrategia: energia berriztagarrien ekoizpen propioa handitu eta kontsumoa erregai fosiletatik guztiz aldentzea. Arkupe eta Kurtzebarri eskolako proiektu hauekin, herriko eraikin publikoen gastu energetikoa murriztu eta jasangarritasunerako urrats berria egingo da.