ARGITZEN Debagoieneko energia trantsizioaren norabidea adosteko herritar eta eragileen arteko prozesua abiatu dugu

2025/06/03
Debagoienean energia trantsizioaren inguruan eman beharreko urratsak adostu eta gauzatzeko deliberazio prozesua da Argitzen. Askotariko eragile eta pertsonen inplikazioaren bidez, eskualde mailan eman behar dugun noranzko aldaketa adosteko proposamena da.

Etorkizuna baldintzatuko duten erabaki estrategikoak eskualde mailan hartu beharrean gaude eta herritar eta eragileek energia trantsizioaren baitan beren ardurak hartzea nahi dugu, prozesuan zehar ahaldunduz. Horregatik da beharrezkoa askotariko eragile eta pertsonen inplikazioa hausnarketa partekatu hori egiteko.

NORABIDE ALDAKETA BAT BAI, BAINA ZEIN NORANZKOTAN?

Energia eredua aldatzeko aukera ezberdinak aztertu eta noranzkoa erabakitzea dagokigu orain. Aldaketa hori eskualdeko eragile publiko, pribatu, komunitario eta herritarrekin landuko dugu. Batetik, Herritarren Batzarrak gomendio batzuk egingo ditu eta, ondoren, Mandatu Organoak horri erantzuna emango dio.

  • HERRITARREN BATZARRA* osatuko duten 50 herritarrei galdera horri erantzuteko gomendio-sorta bat sortzea eskatuko diegu. Horretarako, Debagoieneko 50 herritar aukeratuko ditugu zozketa bidez eta 2025eko udazkenean elkarrekin galdera horri erantzuteko gonbidapena egingo zaie. Bost saiotan zehar, ezagutza jasoko dute eta baita proposamenak lantzeko laguntza ere. Azkenik, gomendio-sorta bat osatu beharko dute eta Mandatu Organoaren esku utzi.
  • MANDATU ORGANOA gogoeta partekaturako prozesu honen sustatzaile eta erabakigune nagusia da, eta berea da gomendioei erantzuna emateko ardura. Talde hau osatzen duten sektore publiko, pribatu eta komunitarioko 18 eragileek (ikusi zerrenda hurrengo orrialdean) gomendio horiei erantzuna emateko konpromisoa hartu dute.

*Herritarren batzarra.

Tresna soziologiko bat da, metodologia berritzaile bat, demokrazia deliberatiboa praktikan jartzeko hainbat prozesutan erabili dena. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabili du klima-larrialdiari aurre egiteko eta nazioartean ere erabili izan da.

NONDIK GATOZ?

2023an D2030 sareak eskualdean energia trantsizioaren inguruan adostasunak lantzeko prozesu bat abiatzeko proposamena egin zuen. 2024ko apirilera bitarte aurretiko fase bat garatu da prozesuaren oinarriak ezartzeko eta bertatik eratu da Argitzen prozesuaren ardura hartu duen talde sustatzaile hau, mandatu organoa, lankidetza publiko-pribatu-komunitarioa oinarrian duena eta eskualdeko lau alderdi politiko nagusien babesa eta parte-hartzea duena.

Debagoiena energia kontsumo handiko eskualdea da, besteak beste, ehun industrialak eskualdean duen garrantziarengatik eta bizi ereduarengatik. Dagoeneko eraldaketa energetiko, ekologiko, sozial eta ekonomikoa gertatzen ari da. Debagoiena eskualdeak garapen eredu iraunkor baterako bidea bultzatu beharko du, eta horrek energia kontsumoa gutxitzea eta energia berriztagarrien garapena eskatzen du. Baina kontsumo energetikoa gutxitzeak ehun industriala murriztu dezake eta bizi baldintza eta ereduak eraldatu. Era berean, energia berriztagarrien eskala handiko proiektuen garapenak biodibertsitatean eta landalurrean eragin dezake. Horren ondorioz, kontsumo energetikoaren murrizketa eta eskualdean energia berriztagarriak zein mailatan garatu beharko liratekeen definitu beharko da, alegia, eskualdeak izango duen dependentzia energetiko maila.

MANDATU ORGANOA (Sektore publiko, pribatu eta komunitarioko 18 eragilek osatzen dute eta prozesua bideratzen ari dira lankidetzan):

  • Antzuolako Udala
  • Aramaioko Udala
  • Aretxabaletako Udala
  • Arrasateko Udala
  • Bergarako Udala
  • Elgetako Udala
  • Eskoriatzako Udala
  • Leintz Gatzagako Udala
  • Oñatiko Udala
  • Deba Garaia landa garapena
  • Ekiola
  • Berener
  • Ixotzen
  • Esnargi
  • Tantai
  • Goiener
  • Fagor
  • Enpresare

argitzen.eus

Harremanetarako: info@argitzen.eus / 691 166 409 (Mikel)