Argiteria publikoa LED teknologiara berritzeko planari ekin dio Aretxabaletako udalak

2025/04/30

Aretxabaletako Udalak argiteria publikoaren sistema erabat berritzeko planari ekin dio. Ia 1.500 argi-puntu ditu sareak, horrela banatuta: zutabedun farolak, fatxadei atxikitako farolak eta arkupeetako argiak. Argi-puntu guzti hauek elikatzeko, 32 koadro elektriko daude, kilometrotako kable eta ehunka kutxatila.  

Argiteria publikoaren sistema konplexuak hainbat puntu zaurgarri ditu, eta horrek funtzionamendu ezin hobea bermatzea zailtzen du. Eremu batzuetan egindako diseinu desegokiak eta sodio-lanparen kontsumo handiak, zenbait eremu argirik gabe gelditzea dakar, eguraldi txarra edo gainkargak direla medio.   

Egoera horri aurre egiteko, udala funtsezko hobekuntzak egiten ari da, LED teknologia ezarriz eta koadro elektrikoak aldatuz. 

Joan den hilean, Belorrieta auzo osoan eta Iralabarri plazan LED argiak jarri ziren. Belorrietan kontsumoa %80 inguru murriztu da, eta Iralabarrin, non oraindik aste batzuk barru farolak ere aldatuko diren, %60ko murrizpena lortu da. Horrez gain, bi guneetan argiztapena nabarmen hobetu da. Hobekuntza hauek 7.500 euroko inbertsioa suposatu dute. 

Udala koadro elektrikoak ere berritzen ari da, eta hurrengo urterako aurreikusita dago tele-kudeaketa sistema ezartzea. Horri esker, matxurak denbora errealean detektatu ahal izango dira eta sistemaren funtzionamendua errazago kontrolatu ahal izango da. 2026an, gainerako argi-puntuetan LED sistema jartzea eta oso eskasak diren lerro batzuk ere aldatzea aurreikusten da.  

Aretxabaletako argiteria publikoaren hobekuntza honek eraginkortasun energetikoa handitzea, argitasuna hobetzea eta mantentze-lanen kostuak murriztea ekarriko du, herritarren bizi-kalitatea hobetuz.