Argazkigintza digitalean lehenengo pausoak
Udalak argazkigintza digitalean hasteko ikastaroa antolatu du. Bertan, parte-hartzaileek oinarrizko ezagutzak ikasteko, teknika ezberdinak ezagutzeko eta sormena garatzeko aukera izango dute, diziplina honen bitartez aisialdiaz gozatuz.
Ivan Valle Carrasco argazkilari aretxabaletarrak gidatuko ditu apirilaren 26an Arkupen hasiko diren saioak. Guztira 30 ordu teoriko-praktiko emango ditu astearte eta ostegunetan, 15:00etatik 17:00etara. Ikastaroa 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Taldeak gutxienez sei eta gehienez hamabi ikasle izan beharko ditu.
Programari hasiera emateko, argazkigintzaren historiari eta irudi digitalaren oinarrizko kontzeptuei buruzko sarrera egingo da. Ondoren, hainbat gai jorratuko dira: argia eta haren faktore-triangelua, kameraren erabilera, argazki hobea egiteko arau desberdinak, Photoshop eta ikasitakoa garatzeko kanpoko praktikak. Azken hauek asteburuetan izango dira irakaslearekin adostuta.
Izen-ematea
Ikastaroaren prezioa 85 eurokoa da eta izena emateko epea apirilaren 1ean (bihar) irekiko da Arkupen. Parte hartzeko argazki kamera digitala aurreratua eskuzko sistemarekin eraman beharko da.