Aretxarte elkarteko saltokiek bat egin dute “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenarekin

2026/02/02

Aretxabaletako Udalak eta Elhuyarrek, Aretxarte elkartearekin elkarlanean, “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoa jarri dute martxan herriko 15 dendatan, otsailaren 2tik martxoaren 2ra, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko. Modu horretan, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egingo du herriak, zeina otsailaren 11n ospatzen baita. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.

Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten.

Aurten ere, 12 zientzialari hauen inguruko ginkana publikoan parte hartzeko aukera egongo da. Saltokiz saltoki, emakume protagonisten inguruko galderei online erantzunez osa dezakete ginkana herritarrek.

Zientzia-emakumeak argira” erakusketa

Horretaz gain, “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, “Zientzia-emakumeak argira” erakusketa izango da ikusgai TRIL Atxabaltako Txoko Feministan (helbidea: Ilargi plaza, 6 -sarrera Errekabarrenetik-) otsailaren 9tik martxoaren 9ra eta ordutegi honetan: astelehen, asteazken eta ostiraletan 10:00etatik 12:00etara; astearte eta ostegunetan 13:00etatik 19:00etara.

Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek duela sei urte; hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan. Aretxabaletaz gain, aurten ere, beste zenbait partaide batu dira ekimenera. Orotara, Euskal Herri osoko 16 herri: Altsasu, Aretxabaleta, Arrasate, Barakaldo, Baztan, Bilbo, Burlata, Durango, Elgoibar, Erandio, Galdakao, Iruñea, Laudio, Legazpi, Mutiloa eta Urduliz, hain zuzen. Saltokiak, berriz, guztira 400 inguru.

STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatuz, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.

Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailaren 11 webgunean.

Aretxabaletako 15 saltoki parte-hartzaileak honakoak dira:

  • Iber (liburu-denda)
  • Begira (argazkilaritza)
  • Almila (moda)
  • Jon Harategia
  • Belar Meta (moda)
  • Tak (zapata-denda)
  • L10 (ileapaindegia)
  • Zubia (zapata-denda)
  • Kiloka (elikagai ekologikoak eta belar-denda)
  • Iosu Harategia
  • Anitua farmazia
  • Begiondo (optika)
  • Kilima (Ume-denda)
  • MIMATU (moda)
  • Aretz (taberna)

12 EMAKUME ZIENTZIALARI OMENDUAK

Aurtengo edizioan, emakume zientzialari hauek omenduko dira:

  • Lourdes Herrasti Erlogorri (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1958). Historialaria eta antropologoa
  • Jane Goodall (Londres, Erresuma Batua, 1934-2025). Primatologoa
  • Mari Luz Guenaga Gómez (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Informatika-ingeniaria
  • Ola Arafat (Gaza, Palestina, 1977). Farmazialaria eta ekintzailea
  • Marie Anne Gillan Boivin (Versailles, Frantzia, 1773-1841). Emagina eta asmatzailea
  • Yásnaya Aguilar Gil (Ayutla Mixe, Mexiko, 1981). Hizkuntzalaria
  • Elisabeth Rasekoala (Lagos, Nigeria, 1960). Kimika-ingeniaria
  • Amaia Ortiz Barredo (Gaubea, Araba, 1965). Fitopatologoa
  • Ruby Payne-Scott (Graftib, Australia, 1912-1981). Fisikaria
  • Hong Wang (Guillin, Txina, 1997). Matematikaria
  • Rebecca Lee Crumpler (Christiana, AEB, 1831-1895). Medikua
  • Olatz Ortega Vidales (Bilbo, Bizkaia, 1997). Ekotoxikologoa