Aretxabaletan Hezkuntza Foroa sortu da, herriko hezkuntza-premiei modu koordinatuan erantzuteko
Azken urtean zehar, Aretxabaletako hezkuntza komunitateko hainbat eragilek hausnarketa eta lanketa prozesu bateratu batean parte hartu dute. Prozesuan hezkuntza formaleko eragileak, guraso elkarteak eta hezkuntza ez formaleko udal zerbitzuak elkartu dira, herriko hezkuntza-premiak identifikatu eta horiei erantzuteko koordinazio mekanismo eraginkorrak lantzeko.
Egindako lanaren ondorio nagusietako bat Hezkuntza Foroa sortzea izan da. Foroaren helburua da herriko hezkuntza arloko eragileen arteko harremanak indartzea, informazioa partekatzea, beharrak modu partekatuan aztertzea eta haur eta nerabeen garapen integralaren aldeko ekimenak sustatzea.
Hezkuntza Foroa hezkuntza komunitatearen ikuspegi zabaletik ulertzen da, eskolaz kanpo ere hezkuntza-prozesuan eragina duten eragile guztiak kontuan hartuta. Horregatik, urriaren 8an foroaren berri eman eta aurkezpen-saio bat egin zitzaien herriko hezkuntza ez formalaren esparruan lanean diharduten eragileei.
Aurkezpenean parte hartu zuten, besteak beste, Musika Eskolak, Eskola Kirolak, Kale Heziketa programak, UDAk, Arizmendi Kirol Elkarteak, Euskaltegiak eta herriko beste hainbat eragilek. Topaketaren helburua izan zen foroaren filosofia eta funtzionamendua partekatzea, eta etorkizuneko lankidetza-bideak aztertzen hastea.
Aurrerantzean, Hezkuntza Foroak herriko hezkuntza-arloko eragileak elkarlanean aritzeko gune egonkorra izan nahi du, haur, nerabe eta familien beharrei modu integral, koordinatu eta eraginkorragoan erantzuteko.
