Aretxabaletako Udalak Santutxuren atzealdeko lur eremuaren jabetza ia osoa eskuratu du, etorkizuneko DBH ikastetxearen bidea zabaltzeko

2026/03/30
Aretxabaletako Udalak Santutxuren atzealdean dagoen sektore 1Bko lur eremuaren jabetza ia osoa eskuratu du, etorkizuneko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikastetxea eraikitzeko bidea erraztuz.

Orain arte udalak lurren %40 zuen bere esku, eta 521.592 euroko inbertsioarekin gainerako %60a erosi du. Horrela, beharrezko lurzorua bermatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxe berria eraiki ahal izan dezan.

Prozesua luzatu bada ere, udalak lursaila zatitu eta dagokion eremua Hezkuntza Sailari utziko dio, institutuaren proiektua lizitatzeko bidea irekitze aldera. Era berean, eremuaren erabilera aldatzeko izapideak abiatu ditu, industria-eremua izatetik ekipamendu publikora igarotzeko, hezkuntza-azpiegiturak eta bestelako zerbitzu publikoak garatu ahal izateko.

Udal gobernuak azpimarratu du egungo institutuko baldintzak hobetzeko beharra dagoela, eta proiektu honek herriko gazteen hezkuntza-baldintzak nabarmen hobetuko dituela.

Bestalde, udalak dagoeneko enkargatu du eremuaren urbanizazio-proiektua, eta amaitzear dago. Proiektu horrek Lausitta eta Txarapea auzoak Santutxurekin lotuko ditu oinezkoentzako bide eta bidegorri baten bidez, pasealeku zirkular bat sortuz eta Lausitta/Txarapea trenbideko bidegorriarekin konektatuz. Halaber, 100 plaza inguruko aparkaleku berria aurreikusten da, GSR, Lausitta eta Txarapea inguruko beharrei erantzuteko.

Urbanizazio lanak 2026-2027 urteetan hastea aurreikusten da. Ikastetxearen eraikuntzaren egutegia, berriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esku egongo da.