Aretxabaletako Udalak proiektu feministen sormen beka jarri du abian, perspektiba feminista duten obra artistikoen sorkuntza sustatzeko

2026/05/27

Aretxabaletako Udalak proiektu feministen sormen bekaren lehen deialdia aurkeztu du, Aretxabaletan perspektiba feminista duten obra artistikoen sorkuntza edo/eta ekoizpenari bultzada emateko helburuarekin. Udaleko kultura eta berdintasun sailen elkarlanaren emaitza den beka honen zenbatekoa 5.000 eurokoa da.

Diziplina artistikoak kontzientzia sortzeko, gizartea zalantzan jartzeko eta eraldaketa sozialerako tresna gisa balio dute. Kohesio soziala, inklusioa eta kritika sustatzeaz gain, identitatea eta memoria kolektiboaren sorkuntzan ere rol garrantzitsua daukate. Hortaz, patriarkatuaren arauak deseraikitzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta aldarrikapenerako baliagarriak izan daitezke. Beka honekin Aretxabaletako obra artistikoak berdintasun eta LGTBIAQ+ begiradararekin blaitu nahi ditugu.

Onuradunak eta beka jaso dezaketen proiektuak

Bekaren onuradunak hamasei urtetik gorako norbanakoak (banaka edo taldean) eta legez eratutako irabazi-asmorik gabeko elkartek izan daitezke, baldin eta egoitza soziala Aretxabaletan badute eta jarduera Aretxabaletan garatzen badute.

Hautagai bakoitzak gehienez hiru proiektu proposatu ahalko ditu eta aurkeztu daitezkeen proiektuek perspektiba feminista izan behar dute; honako gaiak landu ditzakete, besteak beste: herritarrak genero berdintasuna, feminismoa, sexu aniztasuna edo genero identitateen inguruan sentsibilizatzea; emakumeen eta LGTBIAQ+ pertsonen ahalduntzea; zainketen ekonomia feminista sustatzea, indarkeria matxisten inguruan sentsibilizatzea, prebenitzea eta esku-hartzea; indarkeria matxistaren biktimen aitortza eta erreparazioa; feminismoaren eta LGTBIAQ+ pertsonen memoria historikoa berreskuratzea.

Proiektua euskaraz garatu beharko da eta diziplina anitzetakoa izan daiteke: antzezlanak, dantzakoak, ikus-entzunezkoak, literarioak, plastikoak, musikalak, performatiboak...

Gaia irekia izango da eta eskatzaileak erabaki dezake, betiere bekaren xedearen markoan. Gainera, aurkeztutako proiektua aldez aurretik egin gabea izan behar da.

Zenbatekoa eta proiektua gauzatzeko epea

Bekaren zuzkidura 5.000 eurokoa da eta proiektua gauzatzeko epea 12 hilabetekoa izango da, bekaren ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Proiektua gauzatu ondoren, Udala arduratuko da proiektu horren zabalkundeaz.

Epaimahaia eta balorazio-irizpideak

Epaimahai batek aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskaerak, eta lehenengo hiru lan onenen zerrenda egingo du. Epaimahaiak egindako puntu-banaketaren arabera aukeratuko da proposamen irabazlea. Proiektu bakarrak jasoko du beka, eta alkatetza dekretu bidez ebatziko da, epaimahaiaren proposamena jaso ondoren.

Honako balorazio-irizpideak hartuko dira aintzat, besteak beste: perspektiba feminista txertatzea proiektuaren fase guztietan, ikuspegi feminista intersekzionala aintzat hartzea, proiektuaren formulazioaren kalikate teknikoa, proiektuaren berrikuntza-maila, proiektuaren interesa Aretxabaletarako edo norbanakoen kasuan, gutxienez eskatzaileen % 50a Aretxabaletakoa izatea.

Beka eskuratzeko, gutxienez, 45 puntu lortu behar dira 90 puntutik.

Proposamenak aurkezteko azken eguna: ekainak 19

Eskaerak aurkezteko epea dagoeneko irekita dago eta ekainaren 19ra arte aurkeztu ahalko dira telematikoki, Udalaren egoitza elektronikoan. Eskaera egitean aurkeztu beharreko dokumentazioa bekaren oinarrietan jasotzen da. · Bekaren oinarriak (50. orrian)

Informazio gehiago: berdintasuna@aretxabaleta.eus